Gaur, barikua, gozo eta indartsu hasiko dira Mesedeetako jaiak. Gozo, ohi denez, txupinazoaren ondoren, txokolate dastatzea eta gero, txorizo dastatzea izango baitira. Eta indartsu, gauean, 21:00etan auzoko Konbo Itxaropena hasiko baita auzoan martxa jartzen eta 23:00etan, EH Sukarraren txanda izango da. Auzoko txosnan, bisitariak aurreikusita, 15 lagun ibiliko dira txandaka lanean, eta beste 8 ogitartekoak egiten.
Bestalde, zapatua ere indartu nahi izan dute, eta besteak beste, bazkari berezia enkargatu eta umeendako puzgarriak zapatura pasatu dituzte, familia-giroa ere indartzeko. Puzgarriak 11:00etan jarriko dituzte martxan, eta herri-bazkaria, berriz, 14:30ean hasiko da.
Txapelketak, jokoak, musika…
Osterantzean, barrixo-ko jaietan bihar ez dira faltako ohiko txapelketa jendetsuak, sari eder eta guzti: musa, tutea, hiruko areto futbola, tortilla-txapelketa, toka, mahai-futbol txapelketa… Karta-jokoen kasuan, tutean zapatu arratsaldean egingo dute, 16:30ean, eta musean, berriz, zapatu gauean, 22:30ean. Hiru sari izango dira: Edurtzan bazkaria, 60 eurotan baloratutako otarrea eta 40 eurotan baloratutako otarrea, hurrenez hurren.
Zapatua borobiltzeko, zezen mekanikoa probatzeko aukera ere izango da, iluntzean rantxerak, Duo Amanecer taldearekin, eta gauean, berriz, erromeria Ahantzi taldeak girotu ondoren, 01:00 aldera Trujen eta Estrujenen txanda izango da.
Azkenik, domekan dantzarako aukera aparta izango da Urrats Dantza Taldearen eskutik egingo diren plaza-dantzetan. Eta txikienendako, berriz, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira umeen atzetik han inguruan korrika, guztia herriko txistulariek girotuta. Jan-edana ere ez da faltako domekan, noski, besteak beste, otarrainska eta patata-tortilla dastatzea izango da-eta.
Jai Batzordeak esan duenez, Aste Santu ondoren hasi zen antolaketa-lanetan hamar bat laguneko taldea. "Herritar guztiak" gonbidatu dituzte jaietara: "Haur, gazte, heldu... ongietorriak izango dira, baita kale-kalekoak ere; gurean denak dira ongietorriak”.
