“Indarkeria erabiliz eta etxebizitza izateko oinarrizko eskubidea urratuz etxetik botatzen” dituzten pertsonei elkartasuna adierazi zieten pentsio publiko duinen aldeko atzoko elkarretaratzean. Testuinguru horretan, “etxebizitza negozioarekin eta hura sustatzen duten funts putreekin amaitzeko mobilizazioekin identifikatzen” direla adierazi zuten.
Gogorarazi zuten halako negozioek %170eko mozkinak metatzen dituztela eta, aldiz, %0ko zerga ordaintzen dutela.
Zaintza sistema "larrialdi egoeran"
Bestalde, atzoko elkarretaratzean zaintza sistema ere izan zuten hizpide. Gaur egungo sistemak “egiturazko gabezia larriak” dituela salatu zuten. “Zerbitzu eskasak; asistentziaren kalitatea bermatzen ez duten langileen gutxieneko ratioak; gehiegizko itxaron-zerrendak; lan-baldintza prekarioak; ordaindu gabeko zaintzak emakumeen kontura; erakundeen koordinazio falta eta zaindutako pertsonen, senideen eta inplikatutako sektoreen parte-hartze eza”.
Horregatik guztiagatik uste dute “larrialdi egoeran” gaudela eta egoera horri buelta emateko, “erakundeen arteko konpromisoa” eskatzen dute, honako aldaketak ezartzeko. Uste dute badagoela horretarako “aukera” eta beharrezkoa dela pertsona guztiei kalitatezko zaintza bermatzeko.
- Mendekotasuna baloratzeko sistema hobetzea, itxaron zerrendak ezabatuz. Gehienez hiru hilabete eskaera egiten denetik zerbitzuan sartu arte.
- Kalitatezko arreta kolektiboa eta pertsonala bermatuko duten langileen ratioak ezartzea. Ikuskapen zerbitzuak indartzea.
- Pribatizazio gehiagorik ez eta pribatizatutako zerbitzuak publiko izaerara itzultzea. Zerbitzu deszentralizatuak, hurbiltasunekoak, publikoak eta komunitarioak lehenestea.
- Zaintzako langileei lan-baldintza duinak bermatzea zerbitzuetan eta etxean.
- Etxeko zaintzak profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikokoa, komunitarioa izan behar du.
- Iraupen luzeko zaintza (ILZ) indartzea eta zabaltzea. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzea.
- Zaintza-zerbitzuetan erabiltzaileen tratu txarrak prebenitzeko eta amaitzeko protokoloa ezartzea.
- Erakundeen arteko koordinazioa eta zainduen, familien eta zerbitzuen garapenean, jarraipenean eta ebaluazioan inplikatutako sektoreen parte-hartzea zehazteko.