Basurdeak zauritu zuen emakumea oneratzen

Egoitz Unamuno Loidi

BARRENAk jakin duenez, domekan Soraluzeko San Andres auzoan basurdeak zauritu zuen emakumea oneratzen ari da. Donostiako Ospitalean dago ingresatua eta gaur goizean zaintza intentsiboen unitatetik plantara pasatu dute. 

Senideek BARRENAri jakinarazi diotenez, 67 urteko emakume soraluzetarra, domekan bertan aztertu zuten eta barneko zauri larririk ez zuela ziurtatu zuten arren, gaur arte zaintza intentsiboen unitatean izan dute. Gaur goizean pasatu dute plantara eta orain egun batzuetan bertan egon beharko du, zauriak sendatu eta indartu arte.  

Gertakariak kezka handia piztu du herritarren artean eta BARRENAk gaiarekin lotutako informazioa batzen dihardu, besteak beste, adituen iritziak, barikuan kaleratuko den astekarian argitaratzeko.