Gaur, martitzena, joan-etorri handia izan da anbulatorioan, gaur hasi baitira bertan gripearen eta COVIDaren kontrako txertoak jartzen. Txanda guztiak, 64 txandak zeuden emanda, eta erizain bat propio etorri da txertoak jartzera.
Edozelan ere, datozen asteotan ere izango da txertoak hartzeko aukera, urriaren 14an, 15ean, 20an eta 21ean ziurtatu dute Soraluzen izango direla. Esan dutenez, urriaren 14ko txanda guztiak hartuta daude dagoeneko, baina gainerakoetan oraindik lekua dago. Txanda har daiteke anbulatoriora deituta -943 75 23 00- edo Internetez, HEMEN klikatuta.
80 urtetik gorakoen kasuan, berriz, Osakidetzatik esan dute telefonoz jarriko direla eurekin harremanetan; etxean ospitalizatuta daudenek ere etxean har ditzakete txertoak, erizaina joango zaie, eta, Meseeetako egoitzakoek egoitzan bertan hartu dute edo hartuko dute.
Bestalde, urriaren 19ko 15:00etatik aurrera txerto-gunea jarriko dute Eibarko Ospitalean, eta hara edozein joan ahal izango da aldez aurretik txanda hartu barik. Azaroaren 1era bitartean izango da hura martxan.
Honako herritar taldeak daude lehenetsita gripearen eta COVIDaren kontrako txertatze kanpainan:
- 60 urte edo gehiagokoak.
- 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak (59 hilabete arte) eta arrisku-baldintzaren bat duten 15 urtera arteko haurrak.
- Arrisku-baldintzaren bat duten pertsonak: diabetesa, BGBK, kardiopatiak, immunosupresioa, etab.
- Emakume haurdunak.
- Osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak.
- Arrisku-baldintzadun pertsonen zaintzaileak/bizikideak.
- Haur eskoletako eta lehen hezkuntzako langileak (6 urte artekoekin lan egiten dutenak).
- Animaliekiko lan-esposizio zuzena duten pertsonak.
- Funtsezko zerbitzu publikoetako langileak (segurtasun-indar eta -kidegoak, suhiltzaileak...).
- Espetxeetako langileak.
COVIDarena
Osakidetzatik esan dutenez, aurten, COVIDaren intzidentzia iaz data honetan bertan erregistratu baino goizago hasi da. Horregatik, Osasun Sailak COVID-19aren aurkako txertoa jartzea gomendatzen die 70 urtetik gorako pertsonei (iaz 75 urtetik gorakoei gomendatu zieten.)
Horrez gain, gomendioa 65 urtekoengana zabaltzea erabaki dute. Kasu horretan, Osakidetzak bi txertoak egun berean jasotzea eskainiko du.