Dagoeneko 150 lagun inguruk eman du izena Antxintxika lasterketaren XX. edizioan

Ubane Madera Zangitu

Bertan da Antxintxika Lasterketa, urriaren 31n egingo baita aurten. Izen-ematea zabalik dago eta dagoeneko 150 lagun inguru apuntatu da, korrikalariak zein patinatzaileak. Urteurren borobilarekin dator Soraluzen hasi eta Bergaran bukatzen den lasterketa, XX. edizioa beteko du-eta. Horren harira, urriaren 30ean, barikua, mahai-ingurua egingo dute. Eta urriaren 31an, lasterketak bukaera berezia izango du. 

Kirolzale ugari erakartzen duen herri-lasterketa da Antxintxika Triatloi Taldeak antolatzen duen Antxintxika Lasterketa. Iaz, adibidez, 400 parte-hartzaile izan zituen.

Soraluzeko Etxaburueta kalean hasi eta bidegorritik zehar, Bergarako San Martin bukatuko da, 10 kilometroko ibilbidea eginez. Honako ibilbidea izango du: Soraluze (Etxaburueta kalea) -Osintxu (zubi zaharra) - Soraluce lantegiko zubia- Mekolalde- San Lorentzo, Zubieta- Infernukua - Arrano - Irizar- Ibargarai- Zurradero- Palmera- Ibargarai- Irala- Barrenkale eta helmuga San Martin Plazan.

Asko jota 500 lagun

Lau modutara parte hartzeko aukera dago, korrika, patinetan edo gurpildun aulkietan eta hand-bikean. 16 urte beteta izan beharko dira. Dagoeneko 150 lagun inguruk eman du izena Kirolprobak.com webgunean. Dena den, izen-ematea urriaren 30era arte izango da zabalik. Gehienez, 500 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Soraluzekoak ere saridun

Lasterketak sari ugari izaten ditu, lehen gizon eta emakumeentzat, talde onenentzat, patinatzaileentzat, hand-bike eta gurplidun aulkientzat eta baita soraluzetar bizkorrenentzat ere. Azken bi sari horiek, Soraluzeko emakumerik eta gizonezkorik bizkorrenak, Soraluzeko Udalak ematen ditu.

Bestalde, aurten lasterketaren XX. urteurrena denez, ekitaldi bereziak izango dira. Besteak beste, urriaren 30ean, barikua, mahai-ingurua egingo dute. Eta urriaren 31an, lasterketak bukaera berezia izango du, parrillada eta guzti.