Matrikulazioarekin lotuta, nabarmentzekoa da gertatu den joera aldaketa. Izan ere, azken urteotan jaisten zihoan Musika Eskolako ikasle kopurua, batik bat, jaiotza-kopuru txikiak eraginda. Aurten, berriz, beheranzko joera hori apurtu, eta goranzko bidea hartu du. Eta esan behar da matrikulatu diren herritarren artean umeak, gazteak, helduak zein nagusiak, denetariko ikasleak daudela.
Eskaintzari dagokionez, Soraluzeko Musika Eskolako zuzendaritzako kide Domentx Uzinek jakinarazi du zazpi instrumentu edo instrumentu-talde ikasteko taldeak beteta daudela: pianoa, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa, perkusioa eta metal zein haize-egur instrumentu batzuk–klarinetea, saxofoia, bonbardinoa, tronboia eta tronpeta–.
Aldiz, oraindik eman daiteke beste zazpi instrumentutan izena: flautan, biolinean, biolan, biolontxeloan, baxuan, txistuan eta gaita nafarrean.
Umeendako berritasunak
Osterantzean, bestelako ikasgaietan zenbait berritasun ekarri ditu ikasturteak.
Umeekin lotuta, batetik, 0-4 urte bitartekoendako eskaintza berria dute: Musika Goiztiarra. Adinaren araberako taldeak osatu, eta bakoitzak hamabostean behin saio bat izango du: 0-1 urteko umeek, batetik; eta 2-4 urteko umeek, bestetik –guztiak ere, guraso edo tutore batek lagunduta–. Haurreskolan izango dira saio horiek, irisgarritasuna bermatzeko. Xehetasunen arabera, Musika Goiztiarrean zortzi leku daude libre, eta oraindik eman daiteke izena.
Bestetik, 7 urteko umeek musika eskolako instrumentu guztiak probatzeko aukera izango dute ikasturte osoan. Horretarako, astean ordubeteko saioak egingo dituzte Aurreinstrumentua izeneko ikasgaian.
Horiez aparte, Musika eta Mugimendua –5-6 urtekoendako– eta Musika Kantuz –8-10 urtekoendako– ikasgaiak ere badituzte umeek aukeran; hori bai, Musika eta Mugimenduan beteta dago taldea. Musika Kantuzen, berriz, bada oraindik lekua. Eta, azken horrekin lotuta, beka bat ere badago aukeran.
Helduendako ere bai
Helduei dagokienez, berriz, Musika Eskolako instrumentuetan izena emateko aukera izateaz aparte, aurten segida izango du helduendako propio sortu eta iaz estreinatutako +55 Musika eta Mugimendua izeneko ikasgaiak. Kasu horretan, oraingoz, zazpi ikaslek eman du izena, eta, beste norbaitek interesa badu, zabalik ditu ateak.
Praktikatzeko aukerak
Azkenik, Musika Eskolako ikasketen osagarri garrantzitsu moduan, ikasitakoa praktikatzeko aukeren zein musikari jarduna herriko musika bizitzan txertatzeko bideak ipintzearen aldeko apustuaren alde segitzen dutela gogorarazi du Domentx Uzin zuzendaritzako kideak.
Horren harira, badaude zenbait konbo osatuta –Leia, Deabru Gorriak…–, baita berriak sortzeko aukera ere. Badago ere herriko musikariz osatutako Fanfarrean parte hartzeko aukera; eta inguruko udalerrietako banda gazteen ateak zabalik dituzte Soraluzeko musika ikasleendako; adibidez, Eibarko Musika Bandan Soraluzeko Musika Eskolako hainbat ikaslek eta ikasle ohik dihardute, baita Bergarako Bandan ere.