Azken partidua 4-0 irabazteak lagatako zapore gozoarekin zelairatuko dira gaur Sorako mutilak Zestoako Iraeta futbol zelaian, 21:30ean. Liga hasi berri da, hiruna partidu jokatuko du bakoitzak, eta 6 punturekin, laugarren doan Getariaren kontra jokatuko du Sorak; etxekoak 11. doaz sailkapenean, 3 punturekin.
Hain justu, joan den asteburukoa izan zen Sorak irabazi zuen aurtengo Ligako lehen partida, nasai irabazi ere, 4-0 egin baitzuen Zarautzen kontra. Gainera, bigarren zatian jokalari bat gutxiagorekin ibili arren, 3 gol sartu zituen Sorak. Golegile izan ziren Aitor Estevez Viciosa, Oihan Larrañaga Agirre, Jon Perez Iriondo eta Urko Iriondo Osoro.
Iokin Arrillaga entrenatzaileak modu positiboan baloratu du emaitza: “Gure meritua izan zen irabaztea, baina Zarautzen maila baxuak eragin zuen. Eurek taldea azken momentuan atera dute, eta denbora gutxian ari dira entrenatzen. Asko igartzen da jokalari asko ez daudela tonuan. Lehen zatia eutsi zuten, baina bigarrena ez”, esplikatu du.
Dena den, esandakoa, meritua etxekoena izan zela ere adierazi du entrenatzaileak: “Bat gutxiagorekin gai izan ginen beste hiru gol sartzeko eta partidua ixteko. Hiru puntu hiru puntu dira eta hain ondo egiten ez duten taldeen kontra ere irabazi egin behar da, ze talde batek zuk baino maila baxuagoa baldin badu, errazagoa da zuk ere maila baxuagoa ematea. Beraz, ni pozik eta jarraitzera, ze ostiral honetan berriro ere jokatzen dugu”.
Bihar, lau partidu
Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, bihar, zapatua jokatuko dute Infantil Bk Mondraren kontra 11:00etan, Gorengo Kadeteek Tolosaren kontra 12:15ean eta Jubenil 1. mailakoek Oñatiren kontra 16:00etan, horiek guztiek kanpoan.
Etxean jokatuko dute, berriz, Gorengo jubenilek Aretxabaletaren kontra 18:00etan. Eta etxean ere, baina domekan, jokatuko du Soraren Infantil A taldeak Aretxabaletaren kontra 16:00etan. Partidu horiek etxean izango dira, baina futbol zelaiak obretan segitzen duenez, Bergarako Ipintza zelaia izango da Soraren etxea asteburu honetan ere.