Gaur goizean, barikua, Julenek, Africak, Ritajek, Yannak, Alaiak eta Plaentxi Eskolako ikaskideek jolas-lagun izan dituzte Emilita, Maria Eugenia, Ignacio, Moises, Lourdes, Etzozi eta beste hainbat heldu eta edadetu. Atxia Motxia belaunaldi arteko topaketak elkartu ditu.
Aspaldiko esamoldeak eta kantuak
Hantxe ibili dira goizean, nagusiak eurak ume zireneko jolasak erakusten, eta, umeak ikusten, ikasten, eta, noski, jolasten. Kalean aspaldiko partez entzun dira Txokolate lapurreta! edo Txorro, morro, piko taio ke! edo Al pasar la barca eta antzeko esamoldeak eta kantuak. Eta jostailu ultramodernoekin beharrean, gaur, intxaurrekin, tortolosekin, sokarekin, pilotekin, txapekin eta eskuekin ibili dira jolasean. Bistakoa zen, heldu zein ume, dena emanda ibili direla, zein baino zein gusturago.
Ekitaldia borobiltzeko, Plaza Barrixan elkartu dira guztiak, eta, elkarrekin kantatu dituzte Atxia Motxia, Isil-isilik eta Zezenak dira kantuak, Plazentzia Kantuan elkarteko kantariekin. Amaitzeko, adin guztietan maitea den txokolatea eta bizkotxoak partitu dizkiete eta ondo gozatuta joan dira guztiak.
Pertsona Nagusien Kontseiluak eta Hezkuntza Foroak elkarrekin antolatu dute ‘Atxia Motxia’ topaketa, eta, partaide izan dira, Plaentxi Eskolarekin batera, Itxaropena Erretiratuen Elkarteko, eguneko zentroko, Mesedeetako Egoitzako, Pentsiodunen Mugimenduko, jendartEKIN ekimeneko eta Soraluzeko Udaleko kideak.