Joan den domekan, goizeko hamarrak aldera, basurde batek emakume bati eraso egin zion Soraluzen, San Andres auzoan. 67 urteko emakumea, auzoko baserri bateko bizilaguna, Karakatera bidean zihoan, oinez, eta Izagirre-Etxetxo parean basurdeak eraso egin zion, "atzetik", justu basurdeen ohiko pasabide batek errepidea gurutzatzen duen lekuan. Basurdeak emandako bultzaden eraginez, emakumea lurrera erori eta basurdea "mugan behera bueltaka jausi zen eta alde egin zuen". Ondoren, emakumeak laguntza eskatu zuen mugikor bidez, eta hainbat bizilagun eta senide hurreratu ziren. Handik laster ailegatu ziren anbulantzia medikalizatuak ere, eta Donostiako Ospitalera eroan zuten. Han baieztatu zuten ez zuela barneko zauririk, baina, hala ere, bi egun egin zituen zaintza intentsiboen unitatean. Gaur, ostirala, emakumeak ospitalean ingresatuta jarraitzen du.
"Baliteke basurdeak izutu zelako eraso egin izana"
Hasiera batean, senideen eta inguruko baserritarren ustea izan zen basurdea ehiza txakurrengandik ihesi joango zela eta ihesean zihoalako egingo ziola eraso emakumeari. Ostera, goiz hartan, ehiztariek Txurruka auzoan jardun zuten orkatzen ehizan, erasoa gertatu zen lekutik 4-5 kilometrora, eta, haien ustez, ehizaldiak ez zuen izan zerikusirik erasoarekin.
BARRENAk kontsultatutako adituaren esanetan, "Soraluzeko kasuan ezinezkoa da ziurtasunez esatea basurdeak zergatik egin zuen eraso, baina pentsa liteke haren bidean zihoala eta errepidera atera zenean, izutu egin zela parean emakumea ikusita, eta horregatik egin ziola eraso". Azaldu duenez, "ez da ohikoa" basurdeak gizakiari eraso egitea: "Normalean, basurdeek ihes egiten dute gizaki bat ikusi orduko, edo, behintzat, ez dira harengana hurreratzen. Erasokorragoak izan daitezke kumeekin daudenean, zaurituta, edo norbaitekin ezustean topo egitean, nahi eta kasu horietan ere ohikoena ihes egitea den. Ematen du Soraluzeko gertakaria azken kasuistika horretakoa izan daitekeela". Horrez gain, ohartarazi duenez, "gero eta basurde gehiago dago, dentsitatea handiagoa da, eta, ondorioz, ezohiko jarrerak izateko probabilitatea handiagoa da". Adituaren gomendioa da basurde bat ikusiz gero, ahal dela, ez hurreratzea eta joaten uztea.
Erakundeen ardura
Gertakariak oihartzun handia izan du eta kezka piztu du herritar askoren artean. Erakundeak ere jakitun dira. Hala, Soraluzeko Udalak jakinarazi duenez, "azken hilabeteotan hainbat eraso eta egoera deseroso gertatu dira mendian, eta herritarrengan beldurra sortu dute. Hori dela eta, alkateak gertaera horien inguruan ardura duten erakunde eta eragileekin berba egiten dihardu, hartu daitezkeen neurriak aztertu eta ezarri ahal izateko" .
Gipuzkoako Aldundiko iturrien esanetan, berriz, "ehizak ez dauka gertakari horrekin zerikusirik", eta herritarrei gomendatu diete Larrialdietara deitzea. Bestalde, aditzera eman dute basurdeek baserri inguruetan kalteak egiten dituztenean neurriak hartzen direla, "bai tranpaketa eta baita ehiza kontrolatuaren bidez". Tranpaketak eta ehiza dira Aldundiak basurdeen populazioa kontrolatzeko erabiltzen dituen bitartekoak.
Hain zuzen, uda aurretik, Aldundiak baimendutako ehiztariak ehiza kontrolatuaren bidezko esku-hartze berezi baten bidez ahalegindu ziren basurde bat akabatzen, hain justu, Soraluzeko San Andres auzoan, basurde batek hiru ahuntz hil zituelako baserri batean. Baserritarrak kontatu duenez, iazko ekainean gertatu zen lehen erasoa: "Lotuta geneukan ahuntz bat akabatu zigun basurde batek. Parte eman nuen, baina esan zidaten ezin zitekeela basurdea izan". Ostera, handik bost egunera gertatu zen bigarren erasoa: "Beste ahuntz bat eta antxume bat hil zizkigun. Antxumea osorik jan zuen, eta ahuntzaren erdia. Etxera eroan nuen eta berriz eman nuen parte, eta ikusi zutenean nola zegoen janda, orduan bai, baieztatu zuten basurde batek hil zituela". Ondoren, Aldundiak ehiza kontrolatuko aktuazio berezi bat jarri zuen martxan: "Kamerak ezarri zituzten eta ehiztari profesionalak etorri ziren, baina ez zuten lortu basurdea akabatzerik".