Belar artifiziala ipintzen bukatu, eta, datorren asteko domekan egingo dute Soraluze Futbol Taldearen aurkezpena

Ubane Madera Zangitu

Asteburu honetan bukatuko dute Ezoziko futbol zelaiko belar artifiziala jartzeko lanak. Eta dena ondo bidean, martitzen goizean amaituko dituzte falta diren bestelako lan txikiak –porteriak jarri…-. Hala bada, martitzen arratsaldean, etxean hasiko dira entrenatzen Soraren ekipoak. Klubaren asmoa da datorren asteko domekan egitea Soraluze Futbol Taldearen 2026-2027ko aurkezpen ofiziala.

Luze joan badira ere, bukatzear dira Ezoziko Futbol Zelaian belar artifizial berria jartzeko lanak. Berdegune sintetikoa ja ipinita dago, eta, atzo artoa botatzen ziharduten, horixe erabiliko baita orain arte zegoen kautxuaren partez.

Enpresaren arabera, kautxua baino askoz ere hobea da artoa; besteak beste, energia oso ondo xurgatzen du, elastizitate handia dauka, UV izpiekiko erresistentea da, ez du usainik eta ez da toxikoa.

Belar sintetikoaren azpitik, berriz, pro-tile zorua jarri dute lehenago, emandako azalpenen arabera, jokalariek egonkortasun handiagoa izan dezaten. Eta zelaiak zituen hainbat arrakala ere konpondu dituzte.

FieldTurff Poligrass enpresari esleitu zioten obra, 263.262,53€ko aurrekontuarekin. Abuztuan hasi eta iragarri zuten irailaren 21ean bukatuko zutela, baina lanak atzeratu eta asteburu honetan amaituko dituzte.

Domekan aurkezpena

Obren ondorioz, Sorako ekipoek inguruko udalerrietan entrenatuz eta jokatuz hasi dute denboraldia; eta, horrek berorrek eraginda, 2026-2027ko denboraldiaren aurkezpen ofiziala egin barik dago.

Soraluze Futbol Taldeko zuzendaritzatik esandakoaren arabera, belar artifiziala ipintzen bukatu ondoren, porteriak eta ureztatze sistema berria –zaharkituta dago hura ere- ipintzea falta da. “Okerrik ez bada” martitzenean ipiniko dituzte porteriak eta, horrekin, ahalbidetuko dute ja Soraluzen bertan entrenatzen eta jokatzen hasi ahal izatea Sorako jokalariak.

Izan ere, futbol klubaren asmoa da martitzen arratsaldean bertan hastea Ezoziko Futbol Zelaian entrenatzen, eta, asteburu horretan, domekan egitea 2026-2027ko aurkezpen ofiziala, kontuan hartuta Soraren ekipo gehienek etxean jokatuko dutela.

Ureztatze-sistema berriari dagokionez, berriz, hura ipini artean zaharra erabiltzen segituko dute.