Euskara ikasteko aukera ugari eta berriak Soraluzen, adin guztiendako aproposak

Ubane Madera Zangitu

Eskaintza berriarekin, indarberrituta dator aurten euskara ikasteko, praktikatzeko zein hobetzeko eskaintza udalerrian. Berritasuna da aurten Senideentzako Euskara Ikastaroak ere badaudela, lehen aldiz. Orain dela bi aste hasi ziren saioak, hamabi ikaslerekin. Gazteendako, berriz, aste honetan hasiko dira Institutuan errefortzu eskolak. Helduei dagokienez, haiendako Aisa eskaintzak ere hasi du ikasturtea, eta, AEKk eskaintza betea du baita Soraluzeko Euskaltegian ere.

Senideentzako Euskara Ikastaroei dagokienez, haiek Plaentxi Eskolan egiten ari dira, astean birritan, AEKren eskutik, eta oso gustura daude estreinaldiarekin. 

Gorka Zubeldia AEK-ko Eibarraldeko arduradunak esandakoaren arabera, hutsetik abiatuko dira gurasoekin. "Helburua da hasierako harremana egitea euskararekin; eta hor, adibidez, garrantzia dauka saioak eskolan egiteak. Eskolak badu bere komunitatea, eta haurrekin lotura izateak motibazioa handitzen du. Horrek asko laguntzen du jendea erakartzeko". Horren erakusle da dozena bat lagun apuntatu direla. "Ikastaro horiek egiteko, herri bakoitzak bere ratioa dauka; Soraluzen sei pertsonakoa da. Beldurra genuen ea helduko ote ginen, eta pasa egin gara", dio Zubeldiak.

Halaber, gurasoei zuzenduta hitzaldi telematikoak ere egingo dituzte, seme-alabei euskararen erabileran laguntzeko erronkari buruz. Horiek Ebete hizkuntza zerbitzuak emango ditu.

Ikastaroak zein hitzaldiak doan dira, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen Euskara Bonuari esker.

Aisa: gutxieneko ulermena

Helduekin segituz, Aisa eskaintzak ere abiatu du ikasturtea. Hori Helduen Heziketa Iraunkorraren (EPA) eskutik dator. Aurten, 7-8 laguneko bi talde ibiliko dira, urtarrilera arte bata eta otsailetik aurrera bestea. "Hasiera mailatik gutxieneko ulermen mailara edo praktikoa izan daitekeen erabilera lortzea da helburua. Ildo horretan, aurtengo lehen txandako ikasleak dira iaz Aisa jaso zutenak; beraz, jarraipen antzeko bat egingo dute. Horrez aparte, Helduen Heziketa Iraunkorrean esparru kulturala ere lantzen da; besteak beste, irteerak egiten dira herriko txokoak eta ondarea ezagutzeko, Pil-pilean Euskaltzaleen Eskutik", esplikatu du Zubeldiak.

Umeentzat eta gazteentzat

Umeei eta gazteei dagokienez, berriz, eskaintza propioa dute, ikastetxeetan lantzen dutena osatzeko: euskara errefortzuak.

Umeen kasuan, aste honetan abiatu dute Hegaka euskara errefortzua. LH1etik LH6ra bitarteko ikasleei zuzendutako eskaintza da, eskolaz kanpoko orduetan euskaraz trebatzen laguntzeko. Iaz bezala, aurten ere hiru talde osatu dituzte, 26 ikaslerekin, eta astean birritan elkartzen dira. Hegakan ahozko euskarazko gaitasunak lantzen dituzte, modu ludikoan, gaztelekuan.

Gazteak, institutuan

Gazteen kasuan, berriz, DBHko ikasleei zuzendutako errefortzuen bitartez, "batez ere komunikazioa" lantzen dute, ahulgune hori ikusi baitute. "Gazteek eskolak euskaraz jaso eta ulermen maila altuxeagoa duten arren, falta zaie komunikazioan urrats bat egitea, euskara egunerokoan aprobetxatu ahal izateko. Gramatika ere landuko da errefortzu eskoletan, baina komunikazio gaitasunean zentratuta", esplikatu du AEK-ko ordezkariak.

DBHkoen euskara errefortzuetan hamar gaztek eman dute izena, eta bihar, urriaren 13an hasiko dira eskolak; astean birritan, institutuan.

Euskaltegian, egun osoan

Azkenik, gazteentzat zein helduentzat, AEK-k euskara maila guztiak ikasteko aukera eskaintzen du Soraluzeko euskaltegian –Araneko kulturgunean–. Gainera, eskolak egun osoan eskura daitezke, goizez, arratsaldez zein iluntzean.

Horren harira, AEK-ko arduradun Zubeldiak gogora ekarri nahi du Soraluzeko gazteek herrian bertan dutela euskaran sakondu eta C1 maila lantzeko aukera. Laster abiatuko da hori ere, eta irekia da sartzea.

Beharren araberako eskaintza

Herrian euskara ikasteko aukerak elkarlanean adosten dituzte Soraluzeko Udalak, AEK-k eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Plaentxi Eskolarekin eta Soraluze BHI Institutuarekin elkarlanean. Dauden beharrak aztertu eta horren araberako eskaintza osatzen ahalegintzen dira. Asistentzia bermatuta zein bestelako bideak erabilita, eskaintza guztia doan da.