Aste honetako martitzenean zabaldu eta urriaren 31ra bitartean izango da ikusgai Mikel Valero argazkilariak ipinitako argazki erakusketa. Argazki asko daude, 71, eta haien bitartez, 1976tik 1991ra bitarteko Soraluzeren historian paseo entretenigarri eta aberatsa egin daiteke.
Izan ere, denetariko momentu esanguratsuak erakusten dituzte argazkiek: estropadak, Lesarritarren zentral elektrikoa eta presa, kolektorearen obrak, elizatarikoak, Zubi Nagusia zeharo elurtuta, Atxuriko zubia urak hartuta… Eta noski, herritarrak ere ageri dira, esaterako, Juan Mari Altuna Plaza Zaharrean zuen kioskoan, bakailao lehiaketa Plaza Barrixan egiten zeneko lehiakideak, Berrueta ahizpak, Agarreko Klaudia Oregi…
Eskuorriak lagun
Askorendako ezagun askoak izango dira ikus daitezkeen gertakariak zein herrikideak. Horrela ez den kasuetarako, berriz, argazkietako protagonisten berri ematen duten eskuorriak eska daitezke, argazki-erakusketa informazio osatuarekin egin ahal izateko.
Honako ordutegia du:
- Astelehenetik barikura: 18:30 - 20:00
- Zapatuetan: 12:00 - 13:30