Atzo iluntzean, Soraluzeko denetariko bizilagunak izan ziren Harrera Komunitarioko Protokoloaren aurkezpen ekitaldian, bertan jaiotakoak zein bertara bizitzera etorritakoak. Asko ziren, gainera, Harrera Komunitariorako Protokoloaren lanketan zuzenean parte hartu duten eragileak zein norbanakoak.
Aurkezpena hasteko, protokoloaren helburuak zeintzuk diren esplikatu zituzten: herriko bizikidetza eta kohesioa sustatzea, ikuspegi komunitariotik (administrazioaren zein herritarren/eragileen konpromisoarekin) eta kulturartekotasuna eta aniztasuna oinarri izanda.
Oraingoa 2018koa
Gaineratu zuten etorri berriei harrera egiteko protokolo komunitarioa beharrezko ikusten dela. Batetik orain arte erabili dena 2018koa delako. Hura Pil-pilean elkartearekin batera landu zen, baina errealitatea nabarmen aldatu da harrezkero. Esan zuten, besteak beste, migrazioa geroago eta altuagoa dela, eta, etorri berriek informazio partziala eta nahastua jasotzen dutela.
Hala, protokoloaren bitartez nahi dute hori egituratu, herrira datozen bizilagun berriei harrera “goxo, ordenatu eta koherentea” eginez, eta uste dute protokoloak berak “herri bezala gure identitatea, kultura eta eskaintzen duguna hasieratik behar bezala kokatzeko aukera gehiago” ere sortzen dituela. Halaber, esplikatu zuten azken urteotan herrian lantzen ari diren Hezkuntza foroan zein AROA planean ere beharrezko ikusi dela harrera protokoloa eguneratzea.
Segidan, protokoloa lantzeko jarraitu duten prozedura esplikatu zuten: diagnostikoa, ondorioak, lehentasunak eta protokoloaren diseinua.
Jatorri aniztasuna %18,1ekoa
Diagnostikoari dagokionez, haren arabera, herriko bizilagun kopurua handitzen joan da 2024tik hona. 2026ko urtarrilaren 1eko daturen arabera, 4.004 bizilagun ditu Soraluzek eta handitzen doa bizilagunen jatorri aniztasuna. Izan ere, 2021ean jatorri aniztasuna %13,1a zen, eta, 2025ean, berriz, %18,1era handitu da.
Etorritakoen artetik, Magrebeko jatorria duten herritarrak dira talde nagusia -2025ean, %9,4-, horien artean gehiengo dira gizonak; eta bigarren talde handiena osatzen duten latino-amerikarrek -2025ean, %6,1-, eta horien artean, gehiengo dira emakumeak.
Lehentasunei dagokienez, berriz, hainbat behar antzeman dira: gaur egun ikastetxeetan dauden protokoloak bateratzeko beharra, harreragile figura, Udalaren eta herritarren (eragile, elkarte…) arteko saretzea, udal langileendako formazioa eta sentsibilizazioa, herritarrendako sentsibilizazioa eta hizkuntza ofizialak ikasteko baliabideak eta informazioa, besteak beste, euskararen ikaskuntza lehen lerrora ekarrita.
Hori guztia aintzat hartuta, eta, elkarrizketa pertsonalak zein galdetegiak egin ondoren, bost pauso dituen protokoloa diseinatu dute: Printzipioak, Fluxua, Egitura, Sistematizaziorako Tresnak eta Ekintza Plana.
Printzipioen atalean, honakoak adostu dira: osotasuna, euskara, herri identitatea, aniztasunaren aitortza eta zaintza, genero ikuspegia, zehar-lerrokotasuna, elkarbizitza, aukera berdintasuna eta parte-hartzea eta presentzia.
Hiru fasetako harrera
Fluxuari dagokionez, berriz, harrera integrala eta komunitarioa hiru fasetan banatu dute: Lehen Harrera, Harrera Orientazioa eta Harrera Saioak.
Hain justu ere, gaur gaurkoz, Lehen Harrera da gauzatzen dena, 2018an Pil-pileanek abiatutakoaren bidetik. Lehen Harreran, erroldan altak ematen dira, ongi-etorri gida ematen zaio etorri berriari -herriko baliabideen gida- eta ongi-etorri eskutitza bidaltzen zaio. Aurrerantzean, berriz, Lehen Harrera horretan bertan, bigarren harrerarako zita emango diete zuzenean etorri-berriei: Harrera Orientaziorako txanda.
Azken hori, Harrera Orientazioa, “apustu handia” izango dela azpimarratu zuten atzoko aurkezpenean, haren bitartez lortuko baita etorri-berriekiko “hurbilpena”.
Azarotik bulegoa KLB8an
Harrera Orientazioa eskaintzeko, azaroan hasita, KLB8ko goiko solairuko bulegoetako batean, hiru udal langile izango dira, Hezkuntza teknikaria, Gizarte langilea eta udaletxeko harrerako teknikaria. Lehen Harreran zita emanda bideratuko dituzte etorri-berriak Harrera Orientaziora.
Bariku goizetan eskainiko dute zerbitzu hori, eta, elkarrizketa pertsonaletan jasotako informazioa baliatuta, beharren arabera, Udaleko zein herriko zerbitzu desberdinetara bideratuko dituzte etorri-berriak.
Azkenik, Harrera Saioak edo gaikakoak egitea ere aurreikusi dute, herriko elkarte eta eragileekin batera; dena den, Harrera Saioak beharren arabera egingo dituzte, urtean birritan, esan zutenez. Honi lotuta, Harrera Komunitarioaren mahaia osatuko da eta bertan emango zaie forma ongi etorri saio horiei. Lehen bilera azaroaren 5ean, eguena, 17:00etan egingo da eta herri eragileak zein norbanakoak gonbidatuta daude bertara.
Harrera Komunitarioko Protokoloa 2025eko abenduan lantzen hasi ziren eta datozen urteotan lantzeko ekintza plan bat izan du bideorri gisa; beharren arabera eguneratuko dena.