'Argazkilaritza mugikorrarekin' izan zuten ikasgai

Ubane Madera Zangitu

Atzo, argazkilaritza ikastaroa izan zuten jendartEKIN ekimenean diharduten ikasle beteranoek, mugikorrarekin egindako argazkilaritza. Bittor Murguzur argazkilaria irakasle zutela, “familia giroan” ibili ziren argazkiak atera, fokatze eta enkoadraketa kontuak landu eta bestelako ikasgaiak ikasten. Argazkiak: Bittor Murguzur.

Atzo goizean, dozena bat argazkilari amateurrek Zubi Nagusia hartu zuten. Mugikorrak eskuetan, lagunari, paisajeari zein inguruko loreei eta bestelakoei erretratuak ateratzen ibili ziren. Bitor Murguzur argazkilaria izan zuten gidari, jendartEKIN ekimenak antolatutako ikastaroaren baitan.

"Hasierako nozioak"

Ikastaroa “familia giroan” joan zela kontatu du Murguzurrek, “motz” egin zitzaiela. Esan duenez, hasteko, zubian argazkiak atera zituzten, “pertsona bat paisaiarekin, paisaia, eta gauza txikiak, fokatze gertukoa lantzeko”, dio. Gero, udaletxean landu zuten arlo teorikoa, “nola enfokatu, argitasuna eta enkoadraketak, pertsona non jarri, puntu inportanteak… hasierako nozioak”.

Horrekin batera, Murguzurrek ateratako argazki batzuk aztertu zituzten, AA ere izan zuten hizpide, argazkiak zertxobait naturalagoak egiteko jarraibide batzuk erakutsi eta, besteak beste, lenteak ondo garbitzearen garrantzia azpimarratu zien irakasle-argazkilariak, “batez ere kontuan hartuta mugikorrak poltsikoetan-eta erabiltzen ditugula”. 

Hurrengo Beizamara

jendartEKIN proiektuan dihardutenendako hurrengo hitzordua urriaren 21ean da. Beizamako txakolindegira bisita-gidatua egingo dute.