Joan den asteburuan hasi zituen 2026-2027ko denboraldiko txapelketak Marras Irristaketa Taldeak. Aurten, hiru mailatan ditu ekipoak, alebin, infantil eta emakume mailetan; guztira, 25 jokalari eta hiru entrenatzaile, gehi zuzendaritza taldea.
Hain zuzen, joan den asteburuan, Marraseko infantil mailako taldeak estreinaldia izan zuen Euskadiko Hockey Liga Txapelketan. Arabako Agurain eta Bizkaiko Lauro taldeen kontra jokatu zuten soraluzetarrek.
Orain arte, eskola mailan aritu da talde hori, baina aurten infantil mailara jauzia egin eta federatu moduan arituko da.
Gaur, zapatua, berriz, enboraldiko lehen partidua jokatuko du Marraseko alebin mailako taldeak. Olaranben (Gasteiz) dute hitzordua, Sumendiren kontra lehenengo -10:15- eta Metropolitanoren kontra segidan -12:15-.
Azkenik, Marraseko emakumeei dagokienez, aurten ere MIK-Marras taldearen izenean jokatuko dute haiek, Aguraingo neska taldearekin ekipoa osatuta.
Marras Irristaketa Taldeko zuzendaritzak esplikatu duenez, emakumeen ligaren hasiera atzeratu egin behar izan da, eta oraindik ez dago zehaztuta lehenengo partidua noiz jokatuko duten.
%85, emakumezkoak
Osterantzean, Marras Irristaketa Taldeko ekipoek astelehenetik eguenetara egiten dituzte entrenamenduak.
Alebinak –2015-2016– astelehenetan eta eguenetan entrenatzen dira, 19:00etan, Irati Hernandez eta Aiuri Gisasola entrenatzaile dituztela; infantilek –2014-2013–, berriz, martitzenetan eta eguenetan dituzte entrenamendu saioak, 19:00etan eta 20:00etan, hurrenez hurren, Julian Fernandez entrenatzaile dutela; eta emakumeak –2013 eta nagusiagoak– astelehenetan 20:00etan entrenatzen dira.
Horrez gain, domeketako irristaketa saio libreekin jarraitzeko asmoa ere badute.
Irristaketa taldeko zuzendaritzak nabarmendu nahi du emakumeek Soraluzeko irristaketa klubean duten presentzia handia, "Alebin eta infantil taldeak mistoak diren arren, gaur egun Marrasen jokalarien %85 inguru emakumezkoak dira. Eta zuzendaritzan eta ardura teknikoetan ari diren emakumeen presentzia ere nabarmena da: %50, gutxi gorabehera", esan dute.
Txikienentzako eskaintza
Bestalde, aurten txikienei zuzendutako eskaintza "indartu" egin nahi dutela eman dute aditzera. Hain justu, 2017an, 2018an, 2019an eta 2020an jaiotako umeei –LH1etik LH4ra bitarteko umeei– "irristaketa aukera eskaini" nahi diete, "jolasaren bidez taldeko kirola" gerturatzeaz batera.
Parte hartu nahi dutenei aukera ahalik eta bideragarriena egiteko, prest daude ordutegi aukerak aztertzeko. Horretarako, bilera irekia deitu dute, "proposamena entzun eta interesa duen edonorentzat". Urriaren 22an izango da, 18:15ean, Araneko Elkartegian. Edozelan ere, gogora ekarri dute Marrasen parte hartu nahi duen edonork edozein unetan daukala horretarako bidea, entrenamenduetara joanda edo klubarekin harremanetan jarrita: marrasirristaketa@gmail.com-era edo 660 12 70 12 telefonora idatzita.