Urriaren 12an bukatu zituzten belar artifizial berria ipintzeko lanak Ezoziko futbol zelaian. Eta aste honetako martitzenean egin zituen Soraluze Futbol Taldeak 2026-2027ko denboraldiko lehen entrenamenduak han.
Izan ere, joan den abuztuaren 12az gero obretan egon da Ezoziko futbol zelaia. Belar sintetiko berria ipintzen ibili dira eta zenbait arrakala konpondu dituzte. Oraindik ez dute egin beharreko obra osoa bukatu, besteak beste, ureztatze-sistema berria ipintzea falta baitzaie.
Baina, hura ipini bitartean, zaharra erabiltzen segituko du Sorak; hartara, futbol zelaia erabili ahal izango du, eta, besteak beste, oraindik egin barik duen 2026-2027ko denboraldiko taldeen aurkezpena egin ahal izango du.
185 jokalari
Hain justu, aurkezpena domekan izango da, urriaren 18an. Soraluze Futbol Klubaren hamaika ekipoetatik zortzik etxean jokatuko dute asteburuan, zapatuan zein domekan; eta hori kontuan hartuta erabaki dute herriko futbol klubaren aurkezpen ofiziala asteburu honetan bertan egitea.

Aurkezpen ekitaldia 15:30ean hasiko da. Azken urteotako jendetsuena izango da, hamaika talde –iaz baino bat gehiago–, 185 jokalari, 25 entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak zelairatuko baitira, harmailak gurasoz eta ikuslez beteta direla.
Gazteenetatik hasita aurkeztuko dituzte taldeetako futbolariak, banan-banan: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, gazteak eta erregionalekoak.
Horren ondoren, 17:30ean, Soraren lehen taldeak ligako bosgarren jardunaldiko partidua jokatuko du, Antzuolaren kontra.
Hainbat atzerapen
Obrei dagokienez, berriz, bukatu barik daude. FieldTurff Poligrass enpresari esleitu zioten obra, 263.262,53 euroko aurrekontuarekin. Sorako zuzendaritzak esplikatu duenez, lanek hainbat atzerapen izan dituzte. Hasieran, abuztuaren 31n bukatuko zituztela esan zieten; gero, irailaren 21ean; gero, urriaren 5ean; eta, azkenean, urriaren 12an.
Hain justu, orduan bukatu zuten berdegunea ipintzen. Baina oraindik ureztatze-sistema berria ipintzea falta da, baita bi iturri ipintzeko lanak bukatzea ere. Klubeko zuzendaritzak dioenez, oraindik ez diete esan noiz egingo dituzten falta diren lan horiek. Hori bai, aste honetan estreinatu duten zelai berriari "itxura ona" hartu diote.
Kautxua beharrean, artoa
Bitxikeria moduan, kautxua barik artoa bota dute zelaian; enpresaren arabera, kautxua baino askoz ere hobea da hura. Belar sintetikoaren azpitik, berriz, Pro-Tile zorua jarri dute, jokalariek egonkortasun handiagoa izan dezaten.