Bertso gau gozagarria Iturriaga eta Elortzarekin Soraluzen

Egoitz Unamuno Loidi

Joan zen barikuan, bertso gau gozagarria bizi izan zuten Lagun Maiteak elkartean, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin.   

Iluntzeko zortzi terdietarako, izena emanda zeuden herritarrak, berrogeita bosten bat, Lagun Maiteak elkartean ziren Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin gozatzeko gertu. Eserleku guztiak beteta, itxura polita zuen elkarteak. Ederki afaldu eta kafea hartu ostean hasi ziren durangarrak kantuan. Lehenik, ordu erdi inguruko jarduna egin zuten librean, umore tonoan. Aipatu zituzten Soraluzeren inguruko hainbat gai (batzuk llasiokoak), zirikatu zituzten ondoan zituzten afaltiarrak (alkatea, lekittarra, elgoibartarrak...) eta fantaseatu zuten Soraluzen eurei egindako balizko omenaldiarekin. Aipatzekoa da atal horretan, modu bereziki jolastian osatu zuten bertsoaldia, umore absurdo samarra erabilita hitz joko harrigarriak eginez, bertsozaleak bereziki gozarazi zituena ("ni ateoa ez persianoa naiz", "braze humanoa", "Frente anplie"...). Ondoren, atsedenaldia egin zuten trikiti doinuekin girotuta.  

Bigarren atalean, Gaizka Azkaratek, bertSora eskolako kideak, ipini zizkien gaiak, bakarka eta elkarrekin kantatzekoak. Bakarka, tono serioan, Altsasuko kasuaren urteurrenaz kantatu zuen Igor Elorzak eta egunkariko binetagile moduan egin duen zazpi urteko ibilbideaz Unai Iturriagak. Elkarrekin kantatzekoen atalean berriz, duela hogeita bots urte inguru Gaztelupe tabernan pasatutako gau luzea kontatzeko eskatu zien Azkaratek eta objektuz betetako kaxa bat ere eman zien gero, bana-banan objetuak atera eta aitzaki horrekin kantatzeko.

Saio osoan zehar, durangarrek gogotsu eta konplizitate handiz jardun zuten, bai euren artean eta baita publikoarekin ere, eta giro horretan, bertsoek modu berezian gozarazi zuten ikuslea. Ikusleetako batek esan zuen moduan: "Iturriagak eta Elortzak bertso show ederra eskeini digute gaur".