"Harrera gozoa" eta bisita borobila izan zuten Luisja Oregi soraluzetarraren txakolindegian

Ubane Madera Zangitu

Atzo, eguaztena, Beizamako Urkizahar txakolindegira txangoa eta bisita gidatua egin zuten jendartEKIN ekimenaren baitan diharduten ikasle beteranoek. Luisja Oregi soraluzetarra da txakolindegiaren ustiatzailea eta haren eskutik “harrera gozoa” izan zutela kontatu dute. Oro har, bisita borobila izan zutela, txakolina zelan egiten den ikasteaz aparte, hura probatzeko aukera ere izan zutelako. Bestalde, datorren astean hitzordu bikoitza izango dute jendartEKINen baitan. Segidan irakurgai partaideek helarazitako atzokoaren kronika. Argazkiak eta kronika: Ana Maiztegi.

“Parajea zoragarria da eta eguraldiak ere zaindu gaitu, haize fina bai, baina eguzki ederrak ere egin digu harrera. Harrera gozoa egin digu LuisJak; soraluzetarra izanda, herrikideak ikusteko eta agurtzeko pozaz. 

Inguruko mahastiak eta sagastiak erakutsi ondoren, txakolina ekoizteko jarraitzen den prozesua azaldu digu, horretara bideratuta dauzkan ekipazioa  eta instalazioetan bertan. Jakin ahal izan dugu txakolina egiteko prozesuan, zein garrantzitsua diren mahats mota aukeratzea, eguraldia, zoru mota eta haren ezaugarriak, eta aspektu tekniko interesante ugari. Hori  guztia, kalitate handiko txakolin ekologikoa lortu ahal izateko.   

Ikasi bakarrik ez baina, bukaeran probatu ahal izan ditugu ekoizten dituen txakolin horietako batzuk, prestatu digun hamaiketako gozo bati laguntzeko”.

Datorren astean hitzordu bikoitza

Bestalde, datorren astean bi hitzordu izango dituzte jendartEKIN ekimenaren eskutik: astelehenean, Teknologia tailerra izango da Nikolas Morilloren eskutik. 10:00etan hasiko da.

Eguaztenean, berriz, Haurren eskubideak hitzaldia eskainiko du UNICEF fondoaren Nafarroako presidente Maider Gabilondo soraluzetarrak. Hori ere 10:00etan hasiko da.