'Cancún' komedia estreinatuko du Banarte Antzerki Taldeak gaur Soraluzen, Edu Pombar herritarra zuzendari dela

Ubane Madera Zangitu

Gaur, barikua, hasiko da Antzerki Garaia zikloa, Cancún antzezlanarekin. Abadiñoko Banarte Antzerki Taldeak taularatuko du, antzokian, 20:00etan. Bizkaiko antzerki taldearen Cancun obraren estreinaldia ere izango da gaurkoa. Edu Pombar soraluzetarra da antzerki taldearen zein antzezlanaren zuzendaria. Antzezle, berriz, Dolma Romera, Rafa Herce, Maria Otxandiano eta Txelu Fernandez izango dira. Pombarrek Barrenari esan dionez, uste du barre egingo dugula, oso une barregarriak dituelako antzezlanak.

Cancún obrak elkarrekin urte asko daramatzaten bi senar-emazte lagunen istorioa kontatzen du. Oporretan, elkarren artean beste modu batean parekatu zitezkeela ohartzen Hortik aurrera, obrak ideia horrekin jolasten du eta beste erabaki bat hartu izan balute euren bizitzak nolakoak izango ziren erakusten du. Azken batean, denok inoiz pentsatu dugun zerbait aipatzen du: "Zer gertatuko litzateke nire bizitzan beste bide bat aukeratu izan banu?".

Banarte Antzerki Taldea duela urtebete inguru hasi zen obra horrekin lanean. Euren lehenagoko lana drama izan zen komedia baino gehiago, eta oraingoan, barre eginaraziko zigun zerbait egin nahi zuten. Gaur taularatuko duten Cancún obra Kataluniako Jordi Galceran idazlearen liburuan oinarrituta dago.

Sarrerak Udal Liburutegian eros daitezke eta baita ere lehiatilan, antzezlana hasi baino ordu erdi lehenago.