Sorako ekipoetatik hiruk etxean jokatuko dute asteburuan, lehen taldeak, berriz, Azpeitian

Ubane Madera Zangitu

Soraluze Futbol Taldeak bost partidu izango ditu asteburu honetan, horietatik hiru etxean. Bihar goizean, zapatua, Lehen Mailako Kadeteek jokatuko dute Ezoziko Futbol Zelaian. Eta domekan, berriz, goizean, Infantil A-k eta arratsaldean Gorengo mailako Jubenilek. Gainerakoek kanpoan dituzte hitzorduak, tartean, Erregionalek. Azken horiek bihar jokatuko dute Azpeitian. Sorako lehen taldea 10. doa sailkapen orokorrean, azken partidua, Antzuolaren kontrakoa irabazi ondoren -bideoan laburpentxoa, golak tarteko-.

Asteburuan Ezoziko Futbol Zelaian jokatuko diren partiduei dagokienez, bihar, zapatua, Lehen Mailako Kadeteek jokatuko dute Aretxabaletaren kontra, 11:00etan. Eta domekan, berriz, goizean, 11:30ean Infantil A-k Bergararen kontra eta arratsaldean, 16:00etan Gorengo mailako Jubenilek Zestoaren kontra.

Sora klubaren gainerako ekipoek kanpoan dituzte hitzorduak, tartean, Erregionalek. Soraren lehen taldeak bihar, zapatua, jokatuko du Azpeitian, hango Ikasberri taldearen kontra. Erregionalak 10. doaz sailkapen orokorrean, azken partidua, Antzuolaren kontrakoa irabazi ondoren.

Azken partidu horri dagokionez, 2026-2027 denboraldian Ezoziko Futbol Zelaian jokatzen duten lehena izan zen, eta Sora klubaren aurkezpen egunean, herriko harmailak beteta zirela jokatu eta irabazi zuten. Partidu estua izan zen; galtzen hasi ziren etxekoak, baina bigarren zatian markagailuari bueltan eman eta azkenean, 2-1 irabazi zioten Antzuolari. Golegile izan ziren Lander Zubizarreta Fernandez, gola 60. minutuan sartuta eta banakoa erdietsiz, eta Beñat Arin Etxabe, 88. minutuan (golak bideoan).

"Bide onetik"

Partidu hori irabazi ondoren, Sora 10. dago sailkapen orokorrean, eta, bihar aurkari izango duen Ikasberri, berriz, 9. dago. Dena den, bi taldeak berdinduta daude puntuetan, seina ditu bakoitzak. Beraz, biharkoa ere lehia estua izango dela aurreikusten da, eta edozelan ere, Sorako mutilak gogotik ahaleginduko direla seguru.

Haien entrenatzaile Iokin Arrillagak esandakoaren arabera, orain arteko partidu guztietan egon dira “partidua lehiatzen bukaerara arte”. Gaineratu du Erregional mailan exijentzia maila ere igartzen dela eta orain arte etxetik kanpo jokatu eta entrenatu behar izana ere bai. Beraz, espero dute aurtengoa, “urte zaila” izango den arren, “aldi berean polita” izango dela eta “bide onetik joango” direla.

Infantilak eta Gorengo kadeteak

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, Infantil Bk Aretxabaletan jokatuko du zapatu goizean eta Gorengo mailako kadeteek Zubietan zapatu arratsaldean.