“Pentsioak soldataren zati bat dira, ez dugu onartuko horiek murriztea gutxi batzuek gerrekin negozioa egiten jarrai dezaten”

Ubane Madera Zangitu

Gaur, zapatua, debabarrendarren ordezkaritza ere izan da Madrilen pentsio publiko duinen alde egindako manifestazioan, tartean soraluzetarrak. “Ez dugu onartuko pentsioak armengatik aldatzea”; horixe izan da haizatu duten mezuetako bat. Beste mezu bat izan da ez dutela onartuko gutxi batzuk aberastea (enpresa energetikoak, funts putreak, banaketa kate handiak eta oligopolio finantzarioak) “gure poltsikoetan eskua sartuta”. Eta jakinarazi dute “aktiboki” babestuko dutela azaroaren 11rako sindikatuek deitutako greba orokorra. Argazkietan Gipuzkoako taldea eta Soraluzekoa. Argazkiak, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua.

Gaur, milaka lagun izan dira Madrilgo kaleetan Estatuko erkidegoetako eta herrietako pentsiodunen mugimenduen eta plataformen elkartearen deialdiarekin bat eginez. Haien artean izan dira Gipuzkoatik- eta Debabarrenetik- autobusean joandako herritarrak ere, horiek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik –argazkietan Gipuzkoako taldea eta Soraluzekoak-.

Manifestazioaren ondorengo komunikatuan, esan dute azken zortzi urteotan lortutako eskubideak defendatzera zein gobernuak erantzun barik dituen gutunei erantzun positiboa eman diezaion “exijitzera” joan direla Madrilera.   

"Gerrekin negozioak"

Gogora ekarri dute AIReFek (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak) ekainean egindako txostenaren arabera, ez direla “beharrezkoak doikuntza neurri berriak hartzea pentsioen sistema bermatzeko”, eta txosten berean gobernuari eskatzen zitzaiola legea alda zezala  “pentsioen dirua aberatsei mesede egiten dien zerga-politika baten ondoriozko defizit publikoa murrizteko edo defentsako gastuaren gehikuntza finantzatzeko” ez zezan erabili.

Gaur, “manifestazio honetan argiago eta ozenago errepikatuko dugu: ez genuen onartu 2018an, ez 2026an, eta 2027an ere ez dugu onartuko, berdin du nork gobernatu. Gure pentsioak gure soldaten parte dira eta ez dugu onartuko murriztea gutxi batzuk gerrekin negozioak egiten segi dezaten”.

Hilabete amaiera ezin iritsi

Espainiako gobernuari helarazitako gutunei dagokienez, berriz, eskatu zuten gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin pareka dezatela, pentsioak KPIaren arabera igotzea eta urtero galtzen ari diren eros-ahalmena berreskuratzeko ordainsari konpentsatorioa.

Horrekin batera, eskatu dute indargabetu ditzatela 40 urte edo gehiago kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak. Halaber, enegarren aldiz erreklamatu dute “Gizarte Segurantzaren kontuen auditoria aurkeztea, legean jasotakoa berau eta oraindik egin gabea”.

Berretsi dute hori guztia egiteko bakarrik gobernuen eta botere legegilearen borondatea behar dela. “Bakarrik behar da kemena eta borondate politikoa”.

Datutan, esan  duten pentsiodunen %51,3 ezin dela hilabete amaierara iritsi, eta “elikadura osasuntsua edo behar dituzten zaintzak bermatu. “KPIaren %4,9ko igoerak gehiago pobretzen gaitu”, salatu dute. “Ez dugu onartzen oligopolioek, enpresa energetikoek, funts putreek eta banaketa kate handiek prezioak igotzen segitzea, urtero irabazien markak hautsiz. Eta ez ditugu onartzen, ezta ere, pentsioen pribatizazioa eta enpresen plan pribatuak”.

Azaroaren 11ko grebarekin bat

Azkenik, besteak beste, azpimarratu dute “aktiboki” babesten dutela azaroaren 11rako sindikatuek deitutako greba orokorra, “soldata, etxebizitza eta pentsio publiko duinak exijitzeko” eta harekin bat egiteko eta aurrerantzean egingo diren mobilizaziotan parte hartzeko dei egin dute.