Rosa Etxeberriaren eta Ezozi Perez de Herediaren gisatua txapeldun lehiaketa estuan

Ubane Madera Zangitu

Gaur, barikua, jai-giro polita izan da Itxaropena Erretiratuen Elkartean, tradiziozko Gisote lehiaketaren eta ondorengo bazkariaren bueltan. Zortzi bikote sukaldarik kozinatutako gisatua izan da protagonista. Lehiaketan, epaimahaiaren arabera, Ezozi Perez de Herediak eta Rosa Etxeberriak egindakoa izan da gozoena, nahiz eta lehia estua izan den. Bazkaritan, berriz, gisatu guztiak gozo askoak zeudela-eta, asebeteta geratu dira bazkaltiarrak. Sariak, opari-sortak eta esker-onak partitu ondoren, hiru bingo izan dituzte azkenburuko.

Gaurkoan, gisatu lehiaketa hasterako, eguzkia eta giro epela izan dute lagun Itxaropenako sukaldariek. Kontatu dutenez, 10:00ak aurretik hasi dira osagaiak prestatzen, eta, justu-justu bukatu dituzte gisatuak 13:30erako; hainbatek esan dute “patatak gogorregiak” zeudela, eta horregatik luzapena.

Sariak eta esker-ona

Kontuak kontu, sukalde-lanen emaitza antzerako samarra izan da, dena gozoa, eta, epaimahaiak emandako puntu kopurutan alde txikia izan dute zortzi gisatuek elkarren artean. Aurkezpena, zaporea, testura eta saltsa puntuatu, eta, batuketen arabera, Ezozi Perez de Herediak eta Rosa Etxebarriak egindakoa izan da gozoena, eta, biek eskuratu dute txapeldunaren aurtengo amantala eta 50 eurotan baloratutako jan-edan poltsa.

Gainerako sukaldariei, berriz, 30 eurotan baloratutako poltsa eta guztien esker-ona eman diete, “eurak gabe ezingo bailitzateke egin halakorik”, esan dute.

Gaurko topaketa borobiltzeko hiru bingo jokatu dituzte.