Gertakariak

Sugea bizikletan

Ubane Madera Zangitu

Atzo, domeka, “kriston sustoa” izan zuen Iñaki Larrañaga soraluzetarrak bizikletan zebilela. Mendoztik behera zetorrela, erromara bat zabaltzeko geratu zenean, gurpil inguruan zerbait endredatuta zuela ikusi zuen. Makila bat zelakoan, hobeto begiratu zuen eta… “burua mugitzen hasi zen, eta, aiba! Sugea, piñoian lotuta! Nahi nuen palanka mugitu, bera askatzeko, baina ez zidan lagatzen, ahoa zabaltzen zuen, eraso egiteko. Nik nahi nuen eskuarekin burua harrapatu, sugeek ez didate beldurrik ematen (…), baina lagunak esan zidan ez zela ondo irtengo; eta azkenean, makila batekin lagunduta askatu genuen”, kontatu du.

“Kriston sustoa. Erromara zabaltzeko geratu eta ikusi nuen zerbait nuela bizikletan. Pentsatu nuen makila bat endredatu zela gurpilean, baina hobeto begiratu nuenean, burua mugitzen hasi zen, eta, aiba! Sugea, piñoian lotuta! Nahi nuen palanka mugitu, bera askatzeko, baina ez zidan lagatzen, ahoa zabaltzen zuen, eraso egiteko. Nik nahi nuen eskuarekin burua harrapatu, sugeek ez didate beldurrik ematen, umetan ziraunekin jolasten genuen. Baina lagunak esan zidan hori ez zela ondo irtengo. eta azkenean, makila batekin burua oratu nion lagunak bideoa grabatzen zuen bitartean, eta, makilarekin lagunduta askatu genuenean, bera bakarrik joan zen”.

Iñaki Larrañagak halaxe kontatu du sugearekin izandako bizipena. Gaineratu du pentsatzen duela jaisten hasi aurretik, azkeneko momentuan igoko zitzaiola sugea bizikletara. “Jaisten, pedalei ez nien eman. Eta orduan, piñoian kiribildu zen. Pedalei eman izan banie, txikitu egingo nuen, ze buztanetik trabatuta geratu zela uste dut”.

Esan duenez, ederra zen sugea, metro bat edo metro pasa bazuen animaliak. Bere lagun batek esan dionez, Eskulapio sugea zen, Zamenis longissima. Ez ei da pozoitsua eta lehen, jan ere jaten ei zuten.

Azken boladan, Soraluzeko mendiak bizidunez ondo sano daudela bistakoa da duda barik, basurdea batean eta sugea bestean. Tentuz ibiltzea komeni. Azken batean, euren bizitokia da mendia eta gizakia bisitaria da bertan.