Gertakariak

Lapurretan egin dute Ezozibideko etxebizitza batean

Ubane Madera Zangitu

Atzo, eguaztena, lapurreta egin zuten Ezozibideko etxebizitza batean. Lapurreta jasan dutenen alabak kontatu dutenez, egun argitan sartu ziren etxera. Ama ordubete inguruz egon zen kalean, eta, bitarte horretan. Bueltan, sarraila fortzatu barik baina etxea hankaz gora topatu zuen, eta, baloredun gauzak faltan, dirua, loteria… Uste dute lehenago bi mutil ibili zirela etxea eta ama zelatatzen. “Sustoa hortxe geratzen da”, esan dute.

Gaur, bolo-bolo dabil kalean Ezozibideko etxebizitza batean atzo izandako lapurreta. Egun argitan eta sarraila indartu barik sartu ziren lapurrak. Zantzu guztien arabera, gainera, lehenago zelatatzen ibili ziren, etxea hutsik noiz egongo. Tinbrea jo zuten, eta gero, etxearen kanpoan bi mutil ezezagun ikusi zituzten auzotarrek.

Halaxe egin du kontakizuna lapurreta jasan dutenen alabak:

“12:30ean etxeko tinbrea jo zion mutil batek amari, Iñaki Telleriarengatik galetzen. Amak erantzun zion han ez zela bizi Iñaki Telleriarik, ez bere blokean, eta ezta ondokoan ere, ez zuela batere ezagutzen. Mutilak esan zion pakete bat zuela hari entregatzeko, eta ez dakiela non biziko den, eta joan egin zen. 12:45ak aldera ama kalea jaitsi zen, nire alabarekin eta lagun batzuekin elkartu eta portalean berbetan egon ziren. Han mutil bat zegoen, barandan apoiatuta, hemengoa ez zena. Eta gero esan didate beste mutil bat geratu zela Dantzarin sartuta, eta seguru aski, zelatatzen egongo zirela.

Nire ama kalera joan zen, eta, Iñaki Telleriarengatik galdetu zion mutilak ama aurreratu, bere aurretik ipini, Gabolatseko igogailura sartu, eta, gora joan zen. Seguru aski goitik joan eta buelta emango zuen amaren etxera, ikusi zuenean nire amak kalera segitzen duela.

Ama 14:00ak aldera bueltatu zen etxera. Atea normal zegoen, ez zegoen indarrez zabalduta. Ustez giltza orokorra (maestroa) dute ateak zabaltzen dituena. Ertzaintzak esan digu sarraila bikoitza ipintzeko; lapurrek ikusten dutenean apur bat konplikatuago dutela, beste etxe batera joaten direla, errazagoa den batera.

Ama sartu zenean, ikusi zuen dena botata, armairuak zabalik, tiraderak, arropa lurrean botata, bitxiak ohe gainean… eraman dute balio gehiago zuena, dirua, aitaren loteriak… Atzamarkak hartzen dituzten inspekziokoek esan ziguten eskularruekin ibili zirela, eskularruen markak bakarrik zeuden-eta. Eta horixe, ba sustoa hortxe geratzen da”.

Kontatu dutenez, gaur salatuko dute lapurreta; Ertzaintzak esandakoari kasu eginez, etxebizitza ondo begiratu eta falta zaien guztia ondo zerrendatu eta gero jarriko dute salaketa.   

Ertzaintzak esandakoaren arabera, eurek abisua jaso zuten 14:00ak pasata, Ertzaintza bertan etxean egon zen baieztatzen. Ikerketa zabalik dago eta salaketaren zain daude xehetasun gehiago batzeko. 

Sarraila bat apurtuta Errabalen

Bestalde, Udalzaingoak esandakoaren arabera, asteon, astelehenean, beste emakume batek salatu zuen bidegorrian goizeko buelta egin ondoren, (08:00-09:00 inguruan) etxera (Errabalen) sartu ezinda zebilela, giltza ez zebilkiolako. Udaltzainaren laguntzarekin zabaldu zuen atea eta ikusi zuten sarraila apurtua zegoela. “Edo sartzen ahalegindu ziren edo sarraila apurtu egin zen”, esan dute. Zorionez, etxean dena normal topatu zuen.