Hiru baserritarrek hornituko dituzte postuok barazkiz, frutaz, ogiz, gozoz eta bestelakoz: Arizagak, Lezarrik eta Ilordok. Beteranoak dira lehen biak, eta pozik hartuko dute Ilordoko gaztea. "Gehiago badatoz, ondo; bestela, pikutara goaz", diote Lezarriko Mari Tere Igartzak eta Arizagako Ezozi Etxeberriak.
Lezarri baserritik eramango dituzte azak, brokoliak, azaloreak, espinakak eta aurtengo azken lekak eta tomateak. Frutei dagokienez, berriz, "orain gorritzen ari diren laranjak", mizpirak, limoiak eta sagarrak, besteak beste; hori bai, sagarrak gutxi, goizegi heldu baitira beroekin. Babak ere izango ditu Igartzak. "Lau klase: gorria, zuria, beltza eta pintoak. Baba, iaz baino gehiago", esan du; kasu horretan, beroak lagunduta. Eta Igartzak izango ditu ere mila loretako eta akazia eztia eta propolia, "semeak batu eta egindakoa"; eta arrautzak ere bai, baina haiek ere gutxi, beroarekin "oiloak ere ipurdia estututa dabiltza eta".
Arizaga baserriko Ezozi Etxebarriak eta familiak, berriz, esandako horiez guztiez aparte, postuan izango dituzte borrajak, xarlotak, arbiak eta patata txinatarrak; eta oparo eramango dituzte erosleek horren gustuko dituzten ogiak eta gozo kontuak.
Azkenik, Ilordo baserrikoak, besteak beste, Irure auzoko kiwiak jarriko ditu salgai.
Elikagai eskaintza aberasten, Euskal Herriko txapeldun izendatu berri den Nagore Martin Egotza baserrikoa izango da, ahuntz-gazta preziatuarekin. "Gazta samurra eta ondua" eramango du azokara.
Deba eta Elgoibar
Etxeko baserritarrekin batera, kanpotarrak ere izango dira; bisitari izanagatik ere, Gaztañerre Azokan ezagun askoak. Batetik, Nagore Dorronsoro debarrak eztia eramango du; eta, bestetik, Lizagasar Sagartokitik sagarretatik eratorritako produktuekin izango dira elgoibartarrak: zukua, ozpina, marmelada, sagar-purea… Azken horiek sagar-jotze erakustaldia egingo dute, antzinako erara, kirikoketa bidez, 11:00etan.
30 animalia pasa
Bestalde, gaixotasunen debeku barik, ganaduzaleak ere jaitsiko dira Gaztañerrera, eta dotore osatuko dute azoka; bakoitzak launa buru eramango ditu.
Behiak eta txahalak jaitsiko dituzte; tudankak eta kasinak Iraolabeitiatik; suitzarrak Barrenetxetik eta Arizagatik; piriniotarrak Osumagainetik; asturiarrak Untzetatik eta limusinak Obetik. Astoak ere izango dira, Iraolaetxebarritik eramandakoak, Iribetik Manex burubeltza eta aharia eta Untzetatik ahuntz azpigorriak eta ardiak ere jaitsiko dituzte. Hain justu, ardiokin, 12:00etan, ardi-mozte erakustaldia egingo du Ipar Arrinda artile-moztaileak. Animalien eskaintza borobiltzeko, hegaztiak ere izango dira ikusgai: Guenetxetxoko antzarak.
Ganaduzaleek kontatu dutenez, herriko baserrietan oraindik eusten diete animaliei, baina hori horrela da euren eginahalarengatik. "Gustatu eta ibili, norberaren satisfaziorako; ze, bestela…". Diote geroago eta zailagoa eta nekezagoa dela animaliak izatea. Adibidez, aurtengo sikatearen ondorioz, mendian ez da belarrik hazi udan, eta udazkeneko eurien ondoren hazi den apurra "indar bakoa" da. "Belarrari kolorea aldatu zaio, baina substantzia" gutxi dauka, eta belar sikua ematen ari zaizkio ganaduari, "garesti asko erositakoa". Aurten horrela segitu beharko dutela diote, gainera, Iraolabeitiako Joseba Laskurainek, Untzetako Igor Larrañagak, Obeko Roman Maiztegik eta Barrenetxeko Oier Cerrejonek.
Artisauak ere oparo
Osterantzean, eskulangintza-produktu ugari ipiniko dituzte artisauek, haiek ere nahikoa lan eginda. Erregetxean izango dira zumitzez, larruz, egurrez, oihalez… egindako eskulanak. Artisau izango dira Arrate Lizarralde, Charo Fernandez, Edurne Garate, Kristina Albisua, Nuria Muro, Saadia Nasir, Amaia Amor, Lorea Calles eta Angel Garcia. Azken hori, Garcia, berria da, eta modernitatetik joko du haren saltokiak, 3D inprimagailuaz egindako produktuak ipiniko baititu salgai. Kontatu duenez, besteak beste, loreontzi adimentsuak izango dira, berez ureztatzen direnak eta landarearen tenperatura neurtzen dutenak.
Eta salgaien artean izango da argitaratu berri den Irure liburua ere, Soraluzeko baserri auzoei buruzko laugarren eta azken liburua, Francis Larrañaga Guridi soraluzetarrak idatzitakoa.
Lehiaketa eta omenaldia
Bestalde, sagardo lehiaketa eta omenaldia izango dira eguerdi parteko ekitaldian.
Sagardo lehiaketan sei baserrik parte hartuko dute: San Martzialek, Barrenetxek, Osumak, Argaratek, Zabaletak eta Bagozkoitiak. Baserritarren txosnan izango da haien sagardoa, 200 bat botila; Barrenetxeko Oier Cerrejonek kontatu duenez, urtero antzeratsu ibiltzen dira kopuruz. Iazko sagardoa da, noski; aurten ez dira hasi, beroaren eraginez sagar oso gutxi dago, eta, agian, aurtengo sagardorik ez da egongo. 12:45eko ekitaldian jakinaraziko dute zein den sagardogile txapelduna, iazko Mikel Oregi Letu-ren lekukoa hartzen ahaleginduko dena. Txosnako eskaintza osatzen jatekoa ere izango dute: hirugiharra, txorizoa eta txerri-azpizuna. Gaztainak ere bai, "basurdeek jan ez dituztenak".
Goiburu eta Aldazabal
Omenaldiari dagokionez, Eizagirre baserriko Ana Maria Goiburu Izagirre eta Aldasoro baserriko Jose Antonio Aldazabal Laskurain izango dira omenduak. Haiei agurra egin eta opariak eman ondoren, dantza saioa egingo dute Soraluzeko dantza eskola sortu berriko umeek eta helduek, eta Eneritz Artetxek eta Unai Agirrek bertso saioa egingo dute ekitaldia ixteko.
Azoka 14:00ak arte egongo da zabalik. Hasieran txistulariak eta txalapartariak arituko dira; bukaeran, Galtzagorri txaranga eta 15:00etan, azokako parte-hartzaileek eta antolatzaileek elkarrekin bazkalduko dute.