Gertakariak

Lapurrak sartu dira Soraluzeko Arizaga baserrian

Egoitz Unamuno Loidi

Arizaga baserria, Soraluzeko San Andres auzoan. 

Zapatuan, azokatik bueltan ganaduarekin etxeratu zirenean konturatu ziren Arizagako bizilagunak baserrian norbait sartu zela, barruan dena hankaz gora topatu zutelako. Ostera, ez dute ezer somatu faltan. 

Zapatu goizean, Arizaga baserriko bizilagun denak Gaztañerreko azokan zeuden, bertara barazkiak eta ganadua eroan zituzten eta. Baserrian ez zegoen inor eta ezezagunek momentu hori aprobetxatu zuten etxean sartzeko. "Anaia perixatik etxera bueltatu zenean ikusi zuen etxean dena nahastuta zegoela eta orduan konturatu ginen batenbat etxean sartu zela", azaldu dio Ezozi Etxeberria Arizaga baserriko bizilagunak BARRENAri.

Arizagakoen harridurarako ez dute ezer somatu faltan. " Dena hankaz gora ipini zuten. Giltzaz itxita geneuzkan armairuak indarrez zabaldu zituzten baina begiratu dugu eta guk ez dugu ezer somatu faltan. Bistan zeuden tabelatak, lepokoren bat eta abar baina ez zuten ezer eroan. Ez dakigu zeren bila ibili ziren", adierazi du Ezozik. Dena den, ezezagunak etxean sartzeak "intseguritatea kezka" kezka piztu die: "tripakomina ematen du eta txarrena da buruari buelta asko ematen dizkiozula". 

Zapatuan abisatu zieten Ertzainei eta haiek berehala etorri eta jardun zuten arrasto bila. Ertzainek uste dute etxearen azpikaldeko bentanatik sartu zirela baina halakoetan ohi denez, uste dute lapurrek eskularruak jantzita jardun zutela eta zaila izango dela arrastorik bilatzea. Gaur Bergarako ertzain-etxera joango dira, salaketa formalizatu eta Ertzaintzaren ikerketaren emaitzak ezagutzera.