Ubane Uzin (Errabal Jazz) antolatzailearen esanetan, aurten, musika jaialdiak "salto kualitatiboa" eman du eta "inoiz baino nazioarteko punta-puntako talde gehiago etorriko dira". Bereziki nabarmentzekoak dira: Dr Feelgood rhythm&blues talde ingeles entzutetsua (bariku iluntzean, Antzokian) eta Barrence Whitfield & MFC Chicken, bluesa eta rocka uztartzen dituen talde estatubatuarra (domeka iluntzean, Antzokian). Era berean, aipagarriak dira zapatu arratsaldean eta gauean Antzokian eta Gaztetxean joko duten DeRobert & The Half-Truths talde estatubatuarra soul & funk "gordina" jotzen duena eta Sweet Marta & The Blues Shakers kataluniarra, klasiko afroamerikarretan oinarritutako zuzeneko "indartsua" eskaintzen duena.
Euskal musikari dagokionez, aurten ale bakarra izango da, Pettik eta Ana Galarragak azaroaren 19an (osteguna), 19:00etan Antzokian eskainiko duten Frankestein agurgarria. Hitzak eta kantua uztartzen dituen errezitaldi musikatua da. Aurrez, atzo, solasaldi literarioa egin zuten irakurle klubean.
Ordainpeko emanaldietarako sarrerak Blues Hotsak-en webgunean daude salgai . Dr Feelgooden kontzerturako sarrerak agortuta daude baina DeRobert & The Half-Truth eta Barrence Witfield & Mfc Chicken taldeen kontzertuetarakoak badira oraindik (hemen).
Domeka eguerdi "berezia"
Domeka eguerdia "berezia" izango da, kaleko musika emanaldiak eta gastronomia uztartuko dituelako. Hala, eguerdiko 12:30ean hasita, The Ubangi Stomp taldeak rock&roll, rhythm&blues eta boogie-woogi musika joko du Santa Anan, eta ordubetera, La Perra Blanco andaluziarrak hasiko du emanaldia Plaza Zaharrean. Batean zein bestean, tabernek pintxoak eskainiko dituzte debalde. Gainera, Plaza Zaharrean edari eta jan-edan gehiago izango da aukeran, Palestinarekiko elkartasun taldeak karpan barra ipiniko du-eta.
Familientzako eskaintza
Familiei eta umeei propio zuzendutako ekimenak ere indartu dituzte aurten. Ildo horretan egingo dira azaroaren 22an, domeka goizean: bisita gidatua Dolmenen ibilbidean zehar, eta ostean, bluesaren inguruko musika jai berezia Karakate inguruan; kalean, berriz, goizean Txiki Blues izeneko gunea egokituko dute umeentzako puzgarriekin, 11:00etatik 15:00etara bitartean.
Harmonika ikastaroa
Ikastaroek lekua izango dute aurtengo jaialdian ere. Iaz moduan, Joan Paul Cumellas musikari kataluniarrak harmonika ikastaroa emango du , bariku arratsaldean Gaztelekuan, gaztetxoei zuzenduta, eta zapatu goizean, helduei zuzenduta(izen-ematea hemen). Jarraian, 11:30ean, musika eskolako konboen txanda izango da, Antzokian bertan.
Bestalde, eguaztenean, 19:15etan, blues zaleek hitzordu berezia izango dute Antzokian, The Commitments (Alan Parker) filma proiektatuko da eta.
Elkartasun ekimenak
Azkenik, aipagarria da Blues Hotsak jaialdiak aurten ere zuhaitzak landatzera bideratuko duela sarreretatik jasotako diruaren %10 eta kolektibo zaurgarrietako pertsonei sarbidea erraztuko diela Gertu Kultura ekimenarekin kolaboratuz.