Elgetan eta Eibarren kontzertu bana eskaini ondoren, atzo, astelehena, abiatu zen Soraluzen Blues Hotsak Jaialdiaren VIII. edizioa. Petti eta Ana Galarragaren Frankenstein agurgarria ipuin musikatua izan zuten aztergai Euskarazko Irakurle Taldean eta 20 bat lagunek parte hartu zuen saioan, Ainhoa Aldazabal dinamizatzailearen eskutik.

Mary Shelley idazlearen Frankenstein liburuari buruzko ideiak partekatu zituzten hasieran. Oro har, kontatzen duen istorioaz harago, geruza mordoa dituen liburua dela mahai-gaineratu zuen Aldazabalek, filosofiaz diharduena, sorkuntzaren zilegitasunaz, erlijioaz, itxurakeriaz… Komentatu zuten ere, besteak beste, txatalez txatal egindako Frankenstein munstroaren modura, harekiko antzekotasuna baduela atzo aztertu zuten Frankenstein agurgarria ipuin musikatuak, liburua ere hainbat txatalez osatuta dagoelako.
Eguenean, Petti eta Galarraga antzokian
Saio berezia izan zen atzokoa, izan ere, aztergai izan zuten ipuin musikatua, etzi, eguena, zuzenean ikusteko aukera izango dute Herriko Antzokian. Petti eta Ana Galarraga egileek “Victor Frankensteini bidalitako gutun musikatua taularatuko dute, nolabait esateko. Hitzak eta kantuak uztartzen ditu. Errezitaldi musikatuan, hitzak eta kantuak txirikordatzen dituzte, eszenaratze performatibo sotil eta iradokitzaile baten bidez”. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da Herriko Antzokian.