Blues Hotsak 2026

Argazki rally jendetsua espero da domekan Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Etzidamu, domeka, XI. Herriz Herri Euskal Argazki Rallyen txapelketako aurtengo azken rallya jokatuko da Soraluzen, XXXVII. Kontrargi Argazki Rallya. Blues Hotsak musika jaialdiarekin elkarlanean antolatu dute. Testuinguru horretan, giro polita izango da kalean, eta antolatzaileek gogora ekarri duten moduan, iaz, adibidez, “errekorra apurtu” zuten eta 62 argazkilari izan ziren Soraluzen. “Aurten ere espero dugu partaidetza handia, kontuan edukita denboraldiko azken rallya dela”, esan dute Kontrargi Argazki Kolektibotik.

Domekan, 08:15ean zabalduko dute XXXVII. Argazki Rallyrako izen-ematea, 09:15ak arte, Kontrargik Etxaburueta kalean duen lokalean. Ohi denez, izena emateaz bat jakinaraziko zaizkie argazkilariei zeintzuk izango diren argazkietarako gaiak. Guztira, bost gai izango dira, eta haietan oinarritutako erretratuak atera beharko dituzte.

Hamaiketako estimatua

Rallya 13:00etan bukatuko da eta 13:00etatik 14:00etara bitartean entregatu beharko dituzte argazkiak. Erdian, partaideen artean oso estimatua den hamaiketakoa izango dute Txoko tabernan. Azken lau urteotan hamaiketako onenaren saria eman diote Txoko tabernari argazkilariek eurek emandako puntuazio altuari esker.

Soraluzekoa XI. Herriz Herri Euskal Argazki Rallyen txapelketako azken hitzordua izango da; hori horrela, Nafarroako, Bizkaiko zein Gipuzkoako argazkilarien partaidetza espero dute, eta, jendetsua izango dela aurreikusten dute. Iaz, adibidez, partaidetza marka apurtu eta 28 herritatik etorritako 62 argazkilarik parte hartu zuen.

Edozeinendako zabalik

Argazki rallyan nahi duen edozeinek parte har dezake, 16 urtera bitarteko gazteek barne. Are gehiago, gazteek 5 euro ordaindu beharko dute izen-ematea eta helduek 10 euro, eta, saria ere badute gazteendako gordeta.