5.000 eurotan baloratutako otarra zozketatuko du Sorak

Ubane Madera Zangitu

Lau ume Soraren otarraren sariei begira.

Arreta emateko moduko otarra zozketatuko du Soraluze Futbol Taldeak Gabonen bueltan. Santa Ana kalean dago ikusgai, Belarrak-en lehengo saltokian. Hiru sari izango ditu, eta, lehen saria dago baloratuta 3.500 eurotan. Bigarren saria izango da 2027an egunero Mendizabal okindegiko ogi barra bat eta 500 euroko balea Iratxon gastatzeko. Eta hirugarren saria izango da 500 euroko balea Okelian gastatzeko.

Bizikleta elektrikoa, telebista bat, etxetresna elektriko txikiak, elikagai gozoak, gatziak, lapikokoak, kontserbak, urdai azpiko ederra, arropa… Denetarik dauka Soraluze Futbol Taldeak Gabonetarako prestatu duen otarrak.

Gainera, produktu guztiak dira Soraluze Futbol Taldearen babesle diren saltokietakoak, Kooperatibakoak, Criado fruta-dendakoak eta Exga etxetresna elektrikoetakoak, hain justu. “Eta Orratz artisauak produktuak eman ditu otarrerako, doan, guk eskatu barik”, puntualizatu dute Sorako zuzendaritzatik. Halaber, esplikatu dute ere bizikleta elektrikoa ez dela Soraluzen erositakoa, herrian ez baita halakorik saltzen.

Beste bi sari

Kontuak kontu, dirutan, 3.500 eurotan dago baloratuta Soraren otarraren lehen sari hori. Horrez aparte, beste bi sari ere baditu. Bigarrena da 2027 guztian, egunero Mendizabaleneko ogi barra bat eta 500 euroko balea Iratxo Goxo-dendan erabiltzeko. Eta hirugarren saria da beste 500 euroko bale bat, hura Okelia harategian erabiltzeko. Beraz, guztira, 5.000 eurotan baloratutako sariak partituko ditu Sorak.

Euro batean ari dira errifak saltzen. Zozketa, berriz, abenduaren 22ko loteriarekin batera egingo da, izan ere, loteria horretan saridunak diren lehen hiru zenbakien azken lau zifrak izango dira irabazleak.