Zubitik SAPArainoko errepide tartea itxita eta autobus geltokiak lekuz aldatuta, gaurtik

Ubane Madera Zangitu

Gaur, martitzena, hasi dira Errabal kaleko zuloa konpontzeko lanak. Gaztelupe tabernaren kanpoko aldeko kalean, zoruaren zenefak azpiko aldean lurra bakarrik dauka, eta horren ondorioz, denborarekin hondoratu egin da. Konponketek iraun bitartean, itxita izango da Zubi Nagusitik SAPArainoko errepide tartea 14:00ak arte. Autobusen zirkulazioa, berriz, Estaziñotik bideratzen ari dira.

Hainbat astez, txapa batez estalita izan da Gaztelupe tabernaren kanpoko aldeko errepide bazterra. Zuloa zegoen bertan, errepideko zenefa zati bat hondoratu egin baita. Izan ere, zati horretan, lurra bakarrik zegoen, eta denborarekin, hondoratu egin da.

Gaur hasi dira hura konpontzen udal brigadako langileak. Zorua jaso, azpia indartu eta berriro ere estaliko dute. Iragarritakoaren arabera, eguenera arte, azaroaren 26ra arte ibiliko dira obretan.

Trafikoa itxita

Haien eraginez, Zubitik SAPArainoko zirkulazioa etenda dago eta halaxe egongo da egunero 08:00-etatik 14:00ak bitartean.

Autobus zerbitzua, berriz, hiru egunotan egun osoz izango da desbideratuta, ze Zubi Nagusiko eta SAPAko autobus geltokiak ezin dira erabili. Geltoki horien ordez, Estaziñoko eta Ezozibideko geltokiak erabili beharko dira. Horretarako, saihesbidea bi noranzkoetan egokituko da semaforoen bidez.

Mendarorako lineako autobusa Estaziñoko eta Ezozibideko Bergarako noranzkoko geltokietan hartu ahal izango da, ohiko Oleako zubiko geltokiaz gain.

Zubi Nagusitik SAPAra trafikoa itxita egongo da goizeko 8:00etatik 14:00tara. Ordu tarte horretan:

  • Baltegieta 4tik 19ra arteko aparkalekuak eta garajeak erabili ahal izango dituzte, bi noranzkotan, Gabolatseko zubia baliatuta.
  • Kalebarren eta Santa Ana kaleetatik irteera bakarra Etxaburuetatik izango da.