Denbora daramazu 3D inprimagailuekin egindako gauzak sortzen eta saltzen, ezta?
Serio orain dela urte eta erdi hasi nintzen. Baina hasi, Eibar-Ermua Unin hasi nintzen. Han, hitzaldi bat egin ondoren, inprimagailu bat laga zuten, muntatuta, baina ez zebilen. Hura ikusi, eta martxan jartzea bururatu zitzaidan. Dirua eman zidaten piezak-eta erosteko, eta lagun batekin batera martxan jarri nuen. Gero, lanean hasi nintzenean, baztertu egin nuen inprimagailu kontua. Gainera, halako inprimagailuek leku egonkorra behar dute. Hori lortu nuen oraingo etxera etorri nintzenean. Eta orduan, berriro hasi nintzen. Orain, lau inprimagailu ditut: nik erositakoak eta emazteari azoka batean tokatu zitzaion beste bat.
Guztiak dira desberdinak?
Bi motatakoak daude hemen: batzuetan, kabezalak –buruak– jaitsi egiten dira; eta beste batzuetan, ohea igo eta jaitsi egiten da. Dena den, hau mundu zabala da, mota askotako inprimagailuak daude; besteak beste, erabiltzen duten materialaren araberakoak: PLA –azido polilaktikoa– plastikoa, karbono-zuntza, nylona, silikona modukoa, PETG –botiletakoa– plastikoa... Pentsa... adibidez, badaude 3 D inprimagailuarekin egindako zapatilak. Madril erdialdean dago halakoak saltzen dituen denda bat. Gauza mordoa egin daitezke 3D inprimagailu batekin.
Proiektu berezi batean ere ari zara orain lanean, ezta?
Bai; ume batendako aulki gurpildun bat egin dut, Ayudame 3D –Makegood, nazioartean– proiektuaren baitan. Gipuzkoako bi lagun ari gara horretan. Euskal Encounterren egin genituen pieza batzuk, eta gero, nork bereak egin ditu etxean.
Bukatu duzue?
Bai. Bihar, zapatua, entregatuko dugu, Madrilen.
Zer da Ayudame 3D?
Protesiak, aulki gurpildunak... egiten dira 3Dn, pertsonalizatuak, halakoak erabiltzen dituztenen beharretara egokituta; batez ere, umeentzat. Mundu osoko pertsonek parte har dezakete horretan. Euskadin, oso gutxi ari gara, bi pertsona; Galizian ez dabil inor... Materiala egiten laguntzeaz aparte, laguntza ekonomikoa ere eman daiteke gauzak egiteko, garesti irteten da eta.
Zuek egin duzuen aulki gurpildunaren kasuan, adibidez?
Ba, neuk, materialean bakarrik, 100 euro baino gehiago; lan egiten dudan lantegiak [Elesa+Ganter] ere eman dit materiala... Hori guztia, lanorduak eta bidaiak kontatu gabe.
Halako batean parte hartu duzun lehen aldia izan da?
Bai; hau bukatu egingo dugu, eta ea zelan doan kontua. Nik bakarrik egin nahi nuen aulkia; berez, hori posible da, baina konpromiso handia da. Lan handia da, lanorduez kanpo egiten dena, eta ume bat zure lan horren zain dago... Ikusiko dugu. Ondo legoke hemen inguruan elkartzea talderen bat halako gauzak edo bestelako gauzak batera egiteko. Adibidez, Venezuelan lurrikara gertatu zenean, hainbatek egin zituzten ferulak 3Dn. Eta, pandemian, adibidez, askok maskarendako euskarriak egin zituzten... Estatuan jende askok dauka 3D inprimagailua, eta komunitate handia dago. Profesionalki asko erabiltzen dira 3D inprimagailuak, eta gero eta jende gehiagok dauka etxean. 3D inprimagailuen topaketak daude –3D Printer Party, adibidez–, Irunen ere badago 3D inprimagailuak egiten dituen enpresa bat, Tumaker... Geroago eta hedatuago dago hau guztiau. Noski, inprimagailua izatea gero eta errazagoa da, baina gero, egiten diren gauzen kalitatea zaindu beharra dago.
Zer egin nahiko zenuke 3D inprimagailuarekin?
Berez, tamaina handiko gauzak egitea gustatzen zait, baina ez dut lekurik horiek gordetzeko.
Oraingoz, denetik duzu eginda, ezta?
Bai. Gauza asko enkarguz egiten ditut. Beste gauza batzuk Iratxo gozo-dendan ditut salgai; dinosauroak eta argazkiak ipintzeko ilargi formadun lanparak, adibidez, oso ondo saltzen dira. Eginda dut auto telegidatu bat, aita bati bere semearen funkoa egin nion, era guztietako lanparak eta apaingarriak ditut, gure ezkontzarako letra erraldoiak egin nituen, nire txakur Kiro-ren irudia, Josey dinosauroarena, gauzak jartzeko euskarriak, apalak… Gauza asko egin daitezke, inon saltzen ez dituztenak.
Aipatu duzu taldea sortzeko aukera lehen...
Bai; Uni Encounterren talde txiki bat sortuko dugu jarduerak egiteko. Norbaitek nahiko balu parte hartu, Instagrametik idatz dezala: @Angelgar3D. Pentsatzen ari gara 3Dn egindako roboten borrokak egitea, adibidez.