Bixente Olaizola: "Nik beti zera diot: gaixo bat ezin da odolaren zain egon, odolak prest egon behar du beti"

Ubane Madera Zangitu

Bixente Olaizola odol emaileen lonetaren aurrean, berak diseinatutakoa. 

Bariku honetan, azaroko odol ateratzeak egingo dituzte Itxaropena Erretiratuen Elkartean, urteko azkenak. Eta gaurtik, eguaztena, txanda har daiteke Gotatanta.eus atariaren bitartez. Odol ateratzeak egiteaz batera, odol emaile oparoenei intsigniak eta diplomak emango dizkiete. Horietako bat da Bixente Olaizola (Soraluze, 1961); odola 100 bider emateagatik jasoko du intsignia. Soraluzeko Odol Emaileen Elkarteko kide ere bada Olaizola.

Ilusioa egiten dizu aitortzak?

Satisfazioa; ez naiz halakoen zalea, baina… 

Odola 100 bider eman duten pertsona asko ez daude; zeu noiz hasi zinen?

18 urterekin. Familiako kontua da. Aita eta ama [Vicente Mari eta Miren], biak ziren emaileak. 1964-65ean hasi ziren, Eibarren, eta hara joaten ziren. Ni Soraluzen hasi nintzen, 80ko hamarkadan. Etxean hori bizi izan dugu, eta ilaran hasi ginen Lina, Abel eta hirurok. 

Odol emaile zara eta elkartean ere bazaude.

Bai. 1994koa da egin nuen lehen balantzea, Lourdes Altuna lehendakari zela. Deskuidatu egin nintzen, neure burua eskaini nuen, eta, harrezkero, 33 urte daramatzat. Ama ere egon zen delegazioan. 

100 bider odola eman ondoren, jarraituko duzu emaile izaten eta elkartean laguntzen?

Odola eman dezaket, osasuna lagun, 70 urtera arte, hori da legea; beraz, segitu egingo dut. Azaroaren 27koarekin, emanda izango dut 104 bider. Elkartean, berriz, segituko dut, baleko lana egin bitartean eta nitaz aspertzen diren arte.

Hainbeste urtean, baduzu anekdotarik?

Nire lehen aldian atzera bota ninduten, tentsioa altu nuelako: 21/14. Hurrengo egunean, amak medikuarenera eraman ninduen. Beste behin, kuadrillako baten amaginarrebari transfusioa egin zioten, eta galdetu nuen ea Eroskiko zein sekziotan topatu zuten odol-poltsa, izoztuetan, freskoetan… Ironia harrapatu zuten; eta, orain bi urte, lagun horrek 25 bider odola ematearren domina jaso zuen. 

Hiru lagunek jasoko duzue aitortza azaroaren 27an…

Bai; Rafa Vergelek, 25 bider ematearren; eta Carlos Sanchak, 50 bider ematearren. 

Istripuetan-eta ohikoa da odol emateak eskatzea; zuri tokatu zaizu halakorik?

Bai. Kanariar irletan soldaduskan nengoela, Tenerifera eraman ninduten, eta han eman nuen. Kanariarren batek nire odol-poltsa jaso baldin bazuen… euskaltzale eta realzale, bai ala bai!

Noiz edo noiz, jendeak eman izan dizkizu eskerrak, ala?

Guk datozen emaileei eskerrak ematen dizkiegu odola ematearren, eta euretako hainbatek guri ere bai, nahiz eta gu ez gauden esker on horren zain. Nik beti zera diot: gaixo bat ezin da odolaren zain egon, odolak prest egon behar du beti. Errazagoa da odola eman ahal izatea, odolaren premian egotea baino. Niri osasunak lagundu dit odola 100 bider emateko. 

Odol onena, 0 negatiboa?

Ez. Hori unibertsala da, guztiek jaso dezaketena. Baina odol mota guztiak dira balekoak; beraz, guztiak dira positibo!

Soraluzetarrak eskuzabalak gara?

Bai. 2025ean, adibidez, 179 odol-poltsa batzeko erronka ezarri ziguten, eta 229 poltsa batu genituen, eta aurten 200 poltsakoa jarri dute eta 161 poltsa daramatzagu; aurten, justuxeago. Baina hori baino garrantzitsuagoa da odol emaile berriak izatea, lekukoari eusteko erreleboa izatea. Iaz, hamaika emaile berri izan genituen, eta aurten ere beste hamaika emaile berri izan dira. Eta behin etorritako batek bidea ikasten badu, normalean, etortzen segitzen du. Dena den, esan beharra dago elkartasuna askotarikoa dela. Izan daiteke odol emaile, organo emaile, muin emaile, gorpu emaile… edo beste edozein gauzatan parte hartu. Odol emaileok ez daukagu elkartasunaren monopolioa, ezta gutxiago ere. 

Besterik nahi baduzu esan…

Gure odola dagoeneko ondua edo erreserba da... oso ona, e? Hala ere, gero eta gutxiago gara odola eman dezakegunok, eta beharrak lehen bestekoak dira. Hortaz, urteko odola, odol gaztea, odol berria behar da. Izan ere… hau marka! Aurrerapen izugarriak munduan, baina odola ordezkatzeko ez gara gauza izan!