Pentsionisten eskaerak Espainiako, Euskadiko zein Nafarroako gobernuei

Ubane Madera Zangitu

Aste honetan, Euskal Herriko pentsioei  buruz erabaki dezaketen hiru gobernuak interpelatu eta hirurendako eskariak egin zituzten pentsioen aldeko elkarretaratzean. Espainiako gobernuari esan zioten ez dela nahikoa iragarritako %3 eta %4 arteko igoera, azaroan, KPIa %5 ingurukoa izango delako, eta horren besteko igoera eskatu zioten. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari, berriz, pentsioak LGSarekin parekatzeko neurri osagarriak ezartzea eskatu zieten.

Pentsiodunen mugimenduaren ustez, 2027an pentsioak errebaloritzatzeko Sanchezek iragarritako %3 eta %4 arteko igoera ez da nahikoa, ez baitute erosteko ahalmena berreskuratuko, “urte arteko KPIa %5 ingurukoa izatea baita probableena”, esan zuten.

Hori horrela, “urte amaierarako % 2,5eko konpentsazio-ordainsaria” erreklamatu zuten, eta “% 5eko igoera 2027rako”.

Pentsioak LGSarekin parekatzea

Gertuko gobernuei zuzenduta, berriz, Jaurlaritzari eskatu zioten “2027rako aurrekontuetan esleitu dezala gutxieneko pentsioak LGSraino osatzeko beharrezkoa den aurrekontu-partida”.  Eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten “gutxieneko pentsioak LGSraino osa ditzala banakako izaerarekin”.

Horrekin batera, eskatu zuten gutxieneko pentsio kontributiboetarako eta ez kontributiboetarako pobreziaren atalasearen kontzeptuak ezarritako mugak ezabatzea “oso kaltegarriak dira” direlako. “2026. urte honetan pobreziaren atalasea 872,85 eurokoa da 14 hilekotan. Eta kotizazio gabeko pentsioak, berriz, pobreziaren muga horren %75era murriztuta geratzen dira, 654,64 euro hilean”, esplikatu zuten.

Azkenik, gaur den Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren leloarekin bat eginda babestu zuten aldarria: Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurrean, feminismoa.