Zapatuan, ligako hamargarren jardunaldia jokatuko du Sorak, etxean jokatu ere. Mutriku izango du aurrez aurre, eta haiek ez diete erraz jarriko soraluzetarrei, sailkapeneko goiko postuei eutsi nahian.
Edozelan ere, etxeko taldeko mutilak, ohi duten moduan, dena ematera irtengo dira zelaira, seguru. Gainera, aurreko jardunaldian emaitza garrantzitsua eskuratu zuten. Orain arte kanpoan jokatutako puntu bakarra ekarri baitzuten Seguratik hango ekipoaren kontra berdintzeari esker. Horrez aparte, etxean jokatutako azken partidua, Eibartarrak taldearen kontrako partidua, jokalari bat gutxiagorekin irabazi zuen Sorak.
Beraz, hori guztia ere izango du aldeko etxeko taldeak zapatuko Mutrikuren kontrako partiduan. 16:30ean hasiko da norgehiagoka.
Oro har, ligan jokatutako 10 partiduetatik 5 galdu egin ditu Sorak, 3 irabazi eta 2 berdindu. Eta 11 punturekin, 13. postuan dago sailkapenean. Mutriku, berriz, bosgarren lekuan dago, 16 punturekin.

Ezozin beste hiru partidu
Soraluze Futbol Taldeko gainerako ekipoei dagokienez, berriz, etxean jokatuko dute Lehen Mailako Jubenilek, zapatuan, 09:45ean eta Gorengo Kadeteek, zapatuan, 12:15ean. Domekan, berriz, Ezozin izango dira hiru partidu: Lehen Mailako Benjaminena, 10:00etan; Kadeteena, 11:30ean eta Gorengo Mailako Jubenilena,16:30ean.

Futbol topaketa "oso ondo"
Bestalde, joan den domekan, Real Sociedad Fundazioak futbol eskolaren baitan antolatutako futbol topaketa izan zen Soraluzen. Aretxabaletako, Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Urolako eta Soraluzeko Alebin lehen mailako futbol taldeak ibili ziren Ezoziko Futbol Zelaian partiduak jokatzen. Soratik kontatu dutenez, “oso ondo” joan zen dena.