Iñaki Recio (futboleko Errege Kopan jokalari): "Disfrutatu, beti egiten duguna egin, eta izango ditugu gure aukerak"

Ubane Madera Zangitu

Joan den astean Irungo Real Union ekipoari irabazi ondoren, datorren asteko eguaztenean, abenduaren 2an, Portugalete Futbol Taldeak Deportivo de la Coruña taldearen kontra jokatuko du Errege Kopako partidua. Portugaleten jokatuko dute, gainera, 19:00etan hasiko da Porturen eta Deporren arteko partidua eta Portuko jokalarien artean, Iñaki Recio soraluzetarra izango da. Errege Kopan jokatuko duen laugarren partidua izango da datorren astekoa.

Zelan zaude? Gogotsu zaude?

Gogoekin, bai. Urduri gutxi. Ohituta gaude. Partidu berezia da, baina iaz jokatu genituen bi, aurten beste bat…

Horrek laguntzen du?

Esperientzia bizi izan dugu, eta gutxi gorabehera badakit zer aurkituko dudan. Beraz, gogotsu bai eta urduritasunak justu.

Oraindik geratzen dira sarrerak partidua ikusteko?

Gaur jarri dituzte salgai (eguaztenean), bazkideendako 15 euroan eta besteentzat 35 euroan. Gureak normalean merkeagoak dira, baina Kopa izatean garestiago, baina lehen mailako ekipo bat ikusteko ondo dago.

Herritik ere joango da jendea, ala?

Bai. Zerrenda eginda daukat. 15 batek esan didate eta oraindik besteren bat apuntatuko dela uste dut. 20 sarrera inguru eskatu beharko ditudala pentsatzen dut.

Kapitain besokoa estreinatu berri duzu.

Lau kapitain gara. Normalean kapitain dira taldean denbora gehien daramatzatenak. Ni naiz hirugarrena. Beste biek aste honetan ez dute jokatu eta niri tokatu zait. 

Deporren kontra ere zeu izango zara kapitaina?

Porteroak normalean beti jokatzen du, eta bera da lehen kapitaina, beraz, suposatzen dut berak eramango duela besokoa.

Kapitaina bazina, zure taldekideendako mezua nagusia litzateke…

Kapitain izan ala ez, berdina esango nuke: disfrutatzeko, beti egiten duguna egiteko, beste partidu bat da, eta izango ditugula gure aukerak, geure buruarengan konfiantza izateko, eta animoarekin, aurrera!

Izan ere, esan duzu nahikoa zail izango duzuela Deporren kontra, baina futbolean ez dagoela ezer itxita…

Iaz, Valladolid eliminatu genuen eta Alavesaren kontra jokatu genuen eta 80. minutura arte 1-0 joan ginen eta izan genituen berdintzeko gure aukerak. Futbolean zerbaitengatik daude mailak eta aldeak daude mailen artean, baina beti daude aukerak eta ez zan izango lehen aldia espero ez zen emaitza bat emango zenik.

Esan barik zein, baina estrategia bereziren bat lantzen ari zarete?

Asteburu honetako partiduarekin gabiltza. Zapatuan (gaur) daukagu Racing B-ren kontra, eta, larunbatetik aurrera hasiko gara prestatzen Deporren kontrako partidua.

Real Unionen egondakoa izanda, joan den asteko partidua be berezia izango zen, ala?

Bai. Orain dela zazpi urte-edo egon nintzen han. Utilleroak, entrenatzaileren bat… lehengoak dira, eta, niretzat berezia izan zen.

Aurten asko jokatzen ari zara Portugaleten; gustura?

Iaz Portugaletera iritsi nintzenetik ia dena jokatu dut. Gustura nago eta horregatik aurkeratu dut jarraitzea beste urtebetez.

Baina Soran ere bazabiltza Jubenilen eta Kadeteen koordinatzaile modura. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Ni futbolaren friki bat naiz. Nire lana da, baina nire hobia ere futbola da. Aurten aukera neukan arrtsaldeetan etortzeko, goizetan entrenatzen dugulako. Eskaini zidaten aste barruan etortzea entrenatzera Kadete eta Jubenilekin eta baietz esan nuen.

Zehazki, zer da koordinatzaile izatea?

Jokalariekin egon beharrean, gehiago hitz egiten dut entrenatzaileekin, zelako entrenamenduak egin… Jubenilen eta kadeteen artean enlaze moduan. Eta orain hasi naiz postukako lan espezifikoa egiten, egun batean lateralekin, beste egun batean erdilariekin, gero aurrelariekin…

26 urterekin, oraindik futbolean segitzekotan ibiliko zarela pentsatzen dut…

Oraingoz gustura nago, eta, ahal dudan bitartean, nire asmoa da luzatzea.