Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, “hainbat izan dira euskal presoek eskubidetzat dituzten gradu progresioei ezarritako errekurtsoak eta beraz, gradu erregresioak”, eta adierazi zuten ez daudela “prest” oztopo horiek “ontzat emateko”.
Bestalde, esan zuten elkarbizitzarako bidean, “datozen asteak erabakigarriak” izango direla. Eta aitortza eta errekonozimendu beharra nabarmendu zuten. “Hamarkada luzez sufrimendu izugarria eragin zuen biolentziaren biktimen errekonozimenduan eta aitortzan urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa izango da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean urratsak ematen jarraitzearekin batera”.
"Aspaldiko jendetsuena"
Eta ildo horretan, urtarrilaren 9ko manifestazioan jarri zuten iparra: Horregatik izan behar du Urtarrilaren 9ko manifestazioak aspaldiko jendetsuena. Euskal gizartearen gehiengoaren nahia da kalera atera behar duguna, sufrimenduak gainditu eta behingoz, bakean biziko den Euskal Herria irudikatu behar dugu Urtarrilean Bilbon. Urrats horiek eman gabe ezinezkoa izango baita, oraindik behintzat, elkarbizitza agertokietara jauzi egingo duen euskal gizarte bat irudikatzea”.