24. Korrika berehala iritsiko da Itziarrera eta Debara eta, ohi bezala, giroa berotzeko Korrika Txikia egin dute ikasleek bazkalostean.
Luzaro ikastetxeko haurrek (2 urtekoek izan ezik) 15:00etan jarrita zuten hitzordua Deban, portuan; 6. mailakoak hasi dira han, euripean, eta bidean gainontzeko mailetako ikasleak lasterketara batzen joan dira, adinaren arabera. Hondartzatik eta zumarditik pasa ondoren, Lersundi kalean barrena iritsi dira korrikalariak Plaza Zaharrera. Bi plazen arteko korrikaldi txikia egin dute geroago, eta Foruen plazan bukatu dute ekimena. Lehenik, udaletxeko balkoira igo eta mikrofonoa hartu dute bertan ikasleek, euskararen aldeko hitzak eta mezuak lau haizetara zabalduz. Ondoren, dantzan aritu dira, 24. Korrikaren abestiarekin prestatu duten koreografia bizia osatuz. Indarrak berreskuratzeko, txokolate-jana izan dute Zubi Guraso Elkartearen eskutik.