Euskararen aldeko lehenengo Zuhatza Trail mendi lasterketa eta martxa, ekainaren 27an

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 22a

Unai Itxaso, Leire Olazabal eta Sara Arrizabalaga, ekimena iragartzeko kartelarekin.

Zuhatza Debako Euskaltzaleon Mugimenduak bihar zabalduko du izen-ematea.

Ekainaren 27an euskararen aldeko lehenbiziko Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa egingo dituzte Deban. Bihar irekiko dute izen-ematea, aurrez aurrekoa; postua jarriko dute udaletxe azpiko arkupeetan, 18:00etatik 20:00etara. Eta ostiralean (18:00etatik 20:00etara) nahiz larunbatean ere (12:00etatik 14:00etara) izango da horretarako aukera, leku berean. 

Antolakuntza taldeko Unai Itxasok azaldu bezala, herrikoei eman nahi diete lehentasuna, "Zuhatza Trail ekimen herrikoia izan dadin", eta horregatik heldu diote lehenbizi aurrez aurreko izen-emateari. "Herriko jendea euskaraz kontzientziatzea da gure helburua, herria euskaldundu nahi dugu, eta horregatik zabaldu ditugu izen-emateak herrian bertan lehenengo. Asmoa da herrikoek parte hartzea, bai lasterketan, bai mendi martxan, kontuan hartuta gainera egun osoko festa izango dela. Beraz, bertokoen presentzia ezinbestekoa izango da", adierazi du. 

Gehienez 150 lagunek parte hartu ahal izango dute mendi martxan eta beste hainbestek lasterketan; aurrez aurreko izen-ematean partaide kopuru horretara iristen ez badira, datozen asteotan Internet bidez eman ahalko da izena. 20 euroko prezioa du lasterketarako inskripzioak (17 eurokoa Zuhatzako bazkideentzat), 10 eurokoa mendi martxarakoak (7 euro bazkideentzat) eta umeek 5 euro ordaindu beharko dituzte; adin txikikoek ezingo dute, baina, lasterketan parte hartu.  

Ibilbide bera

Foruen plazatik abiatuko da Zuhatza Trail: 08:00etan hasiko da mendi martxa, eta 10:00etan lasterketa. Eta ibilbide bera osatu beharko dute bi probetako parte hartzaileek. 14 kilometro egingo dituzte guztira, 550 metroko desnibel positiboarekin: Deba-Artzabal-kanaleko bidea-Arbil-Itziarko poligonoa-Santa Katalina-hondartza-Ifar kalea-Plaza Zaharra-Foruen plaza.

Denborak markatuko du, hortaz, martxaren eta lasterketaren arteko aldea. "Mendi martxa, ibilbidea lasai egiteko asmoarekin antolatu dugu, umeen parte-hartzea ere bultzatu nahi dugulako. Lasterketan, berriz, mendiaz korrika ere disfrutatzeko aukera eman nahi dugu. Animatu bietako batera!", aipatu du Unai Itxasok. 

Helburuak, argi

Kirolaz harago doa Zuhatza Trail, antolatzaileen esanetan. Gogorarazi dutenez, hain justu, Debako Euskaltzaleen Mugimendua eraberritze prozesu batean murgilduta dabil azken hilabeteotan. Abiapuntu bezala, lehentasunezko bi lan ildo zehaztu dituzte: Kolore Anitz eta Adaxka. Baina, horiez gain, bestelako ekimen batzuk ere jarri dituzte martxan eta horien artean dago ekainerako iragarri duten hitzordu berritzailea.

"Euskararen erabilera esperientzia kolektibo positibo bihurtzea da helburu nagusia. Ez dugu Zuhatza Trail ohiko lasterketa tradizional bat izaterik nahi. Egun osoko festa giroa sortzea da gure asmoa, euskarari merezi duen tokia emanez, eta betiere kiroltasuna, elkartasuna, errespetua eta inklusioa indartuz", azpimarratu dute.

Ekimen berria izanik, sustatzaileek aitortu dute ez dela erronka txikia izango ekimena prestatzea, nahiz eta jendea gogotsu dabilen: "Ilusioz beteta gaude, pixkanaka badoalako guztia forma hartzen". Nolanahi ere, askotariko boluntarioak, laguntzaileak eta babesleak behar dituztela gogorarazi dute. Laguntzeko prest daudenek zuhatzakirola@gmail.com posta elektronikora idatz dezakete.