Ibon Aranberriren eta Egoitz Konderen hitzaldiekin abiatuko da gaur Baso Bete Zientzia zikloa

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko maiatzaren 7a

Debako eta inguruko herritarrek zientziaren alorrean egiten duten lana herritarrei gerturatzeko helburuz, Baso Bete Zientzia hitzaldi zikloa abiatuko du gaur, maiatzaren 7an, Kultur Elkarteak. Saioa 19:00etan hasiko da, eta bi hizlari izango dira protagonista: Ibon Aranberri kimikan doktorea eta Egoitz Konde ingeniari industriala.

Ibon Aranberri (Eibar, 1974) Euskal Herriko Unibertsitatean Kimika ikasketak bukatu ondoren Berlinera joan zen Master bat egitera eta handik Inglaterrara Doktoradutza burutzera. 20 urte baino gehiago daramatza ikerketa eta dibulgazio lanetan.

Hona hemen bere solasaldiaren mamia: 

"Homeopatia: molekularik gabeko sendagaia begi kritikoan. Kimikaren eta zientziaren ikuspegitik funtzionatu al dezake?"

 

200 urte baino gehiago igaro dira homeopatia sortu zenetik, eta haren sendagarritasunak eztabaida sortzen du oraindik gizartean. Kimikaren ikuspegitik sendatzeko gaitasunik ez duen arren, badira oraindik funtzionatzen duela diotenak, eta milioika pertsona dira haren ohiko kontsumitzaileak. Nola sortu zen? Zertan datza? Zer etorkizun izan dezake?

 

 

Gaurko saioko bigarren protagonista Egoitz Konde (Deba, 1979) ingeniari industriala da. Teknikerren informazio sistema adimenduen unitatean egiten du lan. Fidagarritasunean, aurreikuspen-estrategietan eta mantentze-lanen optimizaziorako teknologia berrietan oinarritutako proiektutan.

Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:

"Digitalizazioa eta adimen artifiziala mantentze-lanetan"

 

Teknologiak laguntza eman dezake mantentze-lanak aurrera eramateko. Digitalizazioan erabiltzen diren sentsore, plataforma eta adimen artifiziala erabiltzen dituzten tresna batzuen nondik norakoak eta adibideak izango dira mintzagai saioan.

 

'5 litro' erakusketa ikusgai

Bestalde, Baso Bete Zientziaren baitan antolatutako ekimenen artean, “5 litro” errealitate birtualeko erakusketa ere izango da ikusgai Kultur Elkartean. Maddi Astigarraga Bergarak (Deba, 1997) eta Ainhoa Bereziartua Aranzabalek (Errezil, 1997) garatu dute proiektu hau, hiri-osasunari buruzko ezagutzak transmititzeko helburuz. Erakusketaren bidez, hiri-inguruneek —airearen kutsadura, zarata edota berdeguneak, besteak beste— pertsonen osasunean duten eraginaz kontzientziatu nahi dituzte herritarrak.