Robotikaren eta entzumenaren inguruko solasaldiak izango dira gaur Baso Bete Zientziaren bigarren saioan

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko maiatzaren 14a

Debako eta inguruko herritarrek zientziaren alorrean egiten duten lana herritarrei gerturatzeko helburuz, Baso Bete Zientzia hitzaldi zikloaren bigarren saioa egingo dute gaur Kultur Elkartean. Saioa 19:00etan hasiko da, eta oraingoan ere bi hizlari izango dira protagonistak: Eneko Ugalde ingeniari elektronikoa eta Ane Arrizabalaga ikerketa biomedikoan doktoregaia.

Eneko Ugalde (Deba, 1971) ingeniari elektronikoa da. Mondragon Unibertsitatean egin zituen ingeniaritza elektronikoko ikasketak, eta 30 urtez aritu da automatizazioaren eta robotikaren munduan lanean, enpresa desberdinetan. Azken 15 urteotan Teknikerren jardun du, eta duela bost urtetik sistema autonomo eta adimendunen zuzendaria da bertan. Horrez gain, Hisparob-eko robotika mediku eta asistentzialeko arduraduna eta Robotekin-en Tekniker-eko ordezkaria ere bada.

Hona hemen bere solasaldiaren mamia: 

"Robotak eta gizakia: oraina eta etorkizuna. Nola isladatzen da gure eguneroko bizitzan?"

 

2000 urte baino gehiago dira gizakiak robotak asmatu zituela, eta mendeetan zehar gurekin egon dira era batera edo bestera. Baina azken 60 urteotan, robotika eraldatu egin da, eta azken 20 urteotan, robotikak gero eta garrantzia eta influentzia handiagoa dauka gure egunerokotasunean.

 

 

Gaurko saioko bigarren protagonista Ane Arrizabalaga (Deba, 2000) ikerketa biomedikoan doktoregaia da. Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua egin zuen EHUn, eta ondoren Neurozientzietako masterra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Azken bi urteotan ikerketa biomedikoko doktoretza egiten ari da, bestelako lanekin uztartuta. Aurtengo urtarrilean, gainera, Eusko Jaurlaritzaren beka bat jaso zuen bere tesia garatu ahal izateko.

Hona hemen bere solasaldiaren nondik norakoak:

"Entzun bai, baina nola? Entzumenaren sekretuak laborategiko begiradatik"

 

Egunero entzuten ditugu soinuak, esnatzen garenetik loak hartu arte; baina nola bideratzen du hori guztia gure gorputzak? Nola aztertzen dugu entzunbidea laborategian animalia-ereduak erabiliz? Zahartzaroarekin batera sarritan garatzen den entzumen-galeraren eta narriadura kognitiboaren arteko balizko loturak aztertuko ditugu.