Pozik azaldu dira Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa prestatzen diharduten boluntarioak. "Duela hiruzpalau aste ireki genituen ekainaren 27an egingo dugun ekimenerako izen-emateak, eta harrera bikaina izan dute biek: lasterketako dortsalak astebetean agortu ziren, eta martxari dagozkionak ere oso egun gutxira amaitu ziren", aipatu du antolakuntza taldeko Unai Itxasok. Bi probetarako 150 lagunetan zuten jarria partaideen muga, eta, kopuru horretara iritsita, esker oneko hitzak baino ez dituzte herritarrentzat.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, lasterketan parte hartuko duten 150 lagunetatik, 110 bat bertokoak dira, debarrak eta itziartarrak; eta kopuru hori pixka bat altuagoa izango da, gainera, martxan —120tik gorakoa—. Emakumezkoen parte-hartzea ere nabarmendu dute: "Lasterketan, partaideen %30 emakumezkoak izango dira, kopurua handiagoa izatea aurreikusi bagenuen ere. Hala ere, oso pozik gaude martxaren datuekin, bertan emakumeak %65 baino gehiago izango baitira", zehaztu du Itxasok. Halaber, aurreratu dute adin guztietako pertsonek parte hartuko dutela ekimenean.
Aipatutako datuak mahai gainean jarrita, orain arteko helburuak bete dituztela diote Zuhatza Euskaltzaleon Mugimenduko kideek. "Hasieratik genuen helburuetako bat bete dugu: ohiko mendi lasterketetan parte hartzeko ohiturarik ez duten herritarrak ere erakartzea, eta genero zein belaunaldi desberdinetako euskaltzaleak ekimen herrikoi berean elkartzea".
Bide batez, herriko saltokien eta tabernen laguntza ere txalotu dute. Itxasok azaldu duenez, "prestutasun handia erakutsi dute, eta bihotzez eskertzen diegu. Egin dituzten ekarpenei esker, egunean bertan sariak eta zozketak opari bereziekin osatzeko aukera izango dugu".
Prestaketak, "bide onetik"
Osterantzean, ekainaren 27ko hitzordua antolatzeko lanak "bide onetik" doaz. Azken orduko aldaketarik ezean, Foruen plazatik abiatuko da Zuhatza Trail: 08:00etan hasiko da mendi martxa, eta 10:00etan lasterketa. Eta ibilbide bera osatu beharko dute bi probetako parte hartzaileek. 14 kilometro egingo dituzte guztira, 550 metroko desnibel positiboarekin: Deba-Artzabal-kanaleko bidea-Arbil-Itziarko poligonoa-Santa Katalina-hondartza-Ifar kalea-Plaza Zaharra-Foruen plaza. Denborak markatuko du, beraz, martxaren eta lasterketaren arteko aldea.
Eta, behin ibilbidea zehaztuta, sustatzaileek gainontzeko xehetasunak lotzeko boluntarioen lantaldea indartzen jarraituko dute datozen asteotan; laguntzeko prest daudenek zuhatzakirola@gmail.com posta elektronikora idatz dezakete.
"Motibazioa, indargune"
Zuhatzak apirilean aurkeztu zuen ekimena, eta, harrezkero, herrian "bolo-bolo" dabilela nabarmendu dute. "Herritarrak entrenatzen hasiak dira, eta nabaria da jendea gogotsu dabilela. Horrek ilusio berezia egiten digu; azken finean, jendea motibatuta ikustea da ekimen honen indargune handienetako bat. Gainera, helburu nagusia euskararen erabilera esperientzia positibo eta erakargarri bihurtzea izanik, garrantzitsua iruditu zaigu lasterketa eta martxa amaitu ostean festari jarraipena ematea", adierazi dute. Bada, egun osoko egitaraua onduko dutela aurreratu dute.