Kantaldi herrikoia mendi lasterketako sari banaketa egin ondoren eta bazkari herrikoiaren aurretik egingo da.
Ekimenari forma ematen hasteko, lehenengo entsegu irekia bihar izango da, ekainak 4 (osteguna) 19:30ean, Kultur Elkarteko liburutegian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez parte hartzeko ez da beharrezkoa musika ezagutza handirik izatea; "gitarrarekin "lau akorde" jotzeko gai den edonork parte hartu dezake". Era berean, kantuan aritu nahi dutenek edo beste edozein musika-tresna jotzen dutenek ere aukera izango dute ekimenean parte hartzeko. Gainera, adin guztietako herritarrak gonbidatu dituzte egitasmoarekin bat egitera.
Koordinazioa errazteko, WhatsApp talde bat ere sortu dute. Taldean parte hartu nahi dutenek ondorengo estekan klik eginez batu ahal izango dira: Baratxuri zopa WhatsApp taldea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Zuhatza Trail egunaren ardatzetako bat euskararen erabilera sustatzea da, eta Baratxuri zopa helburu horrekin bat dator. Kalez kale egingo den kantaldian atzoko eta gaurko euskal kantuak izango dira protagonista, herritarrak euskaraz abestera eta gozatzera gonbidatuz.