Zuhatza Trail ekimeneko kamisetak eta bazkari herrikoirako txartelak salgai jarri dituzte

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko ekainaren 2a

Ekainaren 27an egingo dute Deban euskararen aldeko lehen Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa. Egingo diren bi kirol probez haratago, antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute, euskararen aldeko jai giroan. Dagoeneko salgai daude Zuhatza Trail ekimeneko kamisetak eta bazkari herrikoirako txartelak.

Kamiseten erreserbak egiteko eta bazkari herrikoirako txartelak erosteko aukera dago Zuhatza Trail-en atariako DENDA atalean.

Kamisetaren prezioa 15 eurokoa da, eta Zuhatzako bazkideek 13 euroan eskuratu ahal izango dute. Helduentzako nahiz haurrentzako neurriak daude eskuragarri. Kamisetak eskatzeko epea ekainaren 8an, astelehenean, amaituko da.

Bestalde, bazkari herrikoirako txartelak ere eskuragarri daude. Prezioa 22 eurokoa da, eta Zuhatzako bazkideek 20 euroan erosi ahal izango dute txartela. Parte-hartzaileek hiru menu aukeraren artean hautatu ahal izango dute.

Menu arruntak oilasko paella, haragi bolak jardinera erara, pantxineta, ogia, ura eta ardoa izango ditu. Menu begetariano edo beganoan, berriz, entsalada, falafel albondigak saltsan, fruta, ogia, ura eta ardoa zerbitzatuko dituzte. Zeliakoentzako menuak oilasko paella, haragi bolak jardinera erara, fruta, ogia, ura eta ardoa izango ditu.

Zuhatza Trail ekimenak euskararen aldeko lehen mendi martxa eta lasterketa hartuko ditu Deban, eta kirol jarduerez gain, bazkari herrikoia eta bestelako ekitaldiak izango dira egun osoan zehar, datozen egunotan aurkeztuko dute egitarau osoa.