Ekainaren 27an egingo dituzte euskararen aldeko lehenbiziko Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa Deban, eta, ekimena taldean prestatze aldera, bi entrenamendu-saio ireki iragarri dituzte antolatzaileek: bihar, larunbata, egingo dute lehenbizikoa; eta hilaren 20an, aldiz, bigarrena; Foruen plazatik abiatuko dira partaideak, 09:00etan.
Bestalde, Zuhatza Trail ekimena antolatzeko lanak "bide onetik" doazen arren, boluntario bila dabiltzala gogorarazi dute sustatzaileek. Laguntzeko prest daudenek Internet bidez eman dezakete izena; barrena.eus/bereziak/zuhatzatrail estekan, Boluntarioak deritzon atalean aurkituko dute horretarako propio sortu duten galdetegia. Eta, informazio gehiagorako edota zalantzak argitzeko, zuhatzakirola@gmail.com posta elektronikora idatz dezakete.
Halaber, esteka berean izango dituzte salgai, astelehenera arte, Zuhatza Traileko kamisetak, helduentzat nahiz haurrentzat, eta herri bazkarirako txartelak ere bertan eskuratu daitezke.
Egun osoko ekimena
Guztira, 300 lagunek parte hartuko dute euskararen aldeko mendi martxan eta lasterketan. Bi kirol probez harago, nolanahi ere, egun osoko egitaraua izango du herri ekimenak. Goiz partean, adibidez, HH4ko eta HH5eko ikasleei zuzendutako Izan Tribu jarduera egingo dute Plaza Zaharrean, eta, sari-banaketa ekitaldiaren ondoren, Baratxuri Zopa herri kantaldia izango da. Bazkariak eta Mugi Panderoaren erromeriak borobilduko dute eguna.