Jose Manuel Ostolazaren bizitzaren errepaso txiki bat eginez eman zitzaion hasiera larunbateko ekitaldiari; Kultur Elkarteko zuzendaritzako kideek hartu zuen hitza bertaratutakoen aurrean, eta ondoren ohorezko agurra dantzatu eta lore-sorta eskaini zioten.
Udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzea eta aintzatestea dute helburu Ostolaza Sariek. Hauek dira aurtengo sarituak eta epaimahaiak emandako ebazpena:
- Sortzaileak Saria: Willy Berasaluze
Eskulturan, collagean eta argazkilaritzan egindako lanaren bidez, bere aztarna utzi du herriko hamaika txokotan. Bere zenbait lan gure herriko paisaia edertu eta sinbolo bihurtu dira. Beti umore onez eta umiltasunez. Gainera, gaurko aitortzak esanahi berezia du: Ostolaza Sariak gorpuzten dituen eskulturen sortzailea da bera. Gaur, bere eskuek egindako ikurra, aitortza bihurtuta itzuli nahi diogu bere sortzaileari.
- Dinamikak Saria: Aitzuri abesbatza
Kantatzeko zaletasuna partekatzen zuten hainbat herritarrek sortu zuten taldea 1994an. Ordutik ehunka ahots pasa izan dira bertatik. Talde lanaren garrantzia azpimarratuz, urte hauetan guztietan, etengabeko ikasketa eta hobekuntza prozesuan dihardute eta musikaren bidez herria elkartzeko eta hunkitzeko gai dira.
- Ezinbestekoak Saria: Zuhatza Euskara Elkartea
1997tik Deba euskaldunago baten alde etenik gabe lanean. Urte hauetan guztietan gure herrian euskararen erabilera sustatzeko ezinbesteko eragilea izan da. Hamaika ekimen sortu eta sustatu ditu bere ibilbidean zehar: Berriketan herri aldizkaria, Euskal Jaia, Kolore Anitz, Olentzero eta Maridomingiren etorrera, Euskeraz Bagera kultur jardunaldiak, Mintzalagunak, Barrena hedabidea… Euskararen alde egindako ezinbesteko lan guztiagatik eta herrigintzan egindako ekarpen etengabeagatik.
- Hazia Saria: Nerea Loiola
Gure hurrengo saritua ingeniaritzatik letretara jauzia egin, eta denbora gutxian euskal literaturaren epizentroan kokatu den idazle balioanitza da. Haur eta gazte literaturatik harago, beste hainbat arlotan ere aritzen da: helduentzako literaturan, itzulpengintzan, iritzi-zutabeak idazten eta literatur tailerrak eskaintzen… Bere ibilbideak erakusten du idazle moduan etorkizun oparoa izateaz gain, orainaldi sendoa ere baduela.
- Sari berezia: Skabidean musika taldea
2012tik ska, reggae eta rocksteady erritmoen bidez konpromiso soziala eta euskal kultura lau haizetara zabaltzen. Euskal Herria goitik behera zeharkatu duten arren… Deba herri berezia da beraientzat… eta hala adierazten dute aukera duten guztietan. Herri Kuttuna, izenburu hori jarri diote beraien estudioko seigarren lanari. Azken disko honetan Jose Manuel Ostolazaren omenezko kantu bat atera dute gainera.
Sari banaketa ekitaldian kultur sortzaile ezberdinen emanaldi laburrak ere izan ziren. Partaideen artean izan ziren Gure Kai euskal dantzari taldea, Josu Salegi eta Miguel Laguna, Aitzuri Abesbatza, Skabidean taldea, Iturrian korua eta Rafael Bravo idazlea.