Gipuzkoako Foru Aldundiak, tokiko hainbat eragilerekin eta Udalarekin elkarlanean, Ongizatearen Plaza ekimen ibiltaria ekarriko du Debara datorren astean, ekainaren 25ean eta 26an. Ongizate integrala erdigunean jarrita, eta "pertsona orok ondo egoteko eta ongi sentitzeko funtsezkoak diren gakoak eta bizipenak ardatz hartuta", askotariko solasaldi eta jarduera parte hartzailez osatutako egitaraua iragarri dute.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da" Ongizatearen Plaza, eta Deban egingo diren ekimenetan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Izan ere, gogorarazi duenez, herritarrei eragiten dieten "errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen" ari dira, eta gai horiek mahai gainean jarriko dituzte jardunaldietan.
"Ongi egoteaz gain, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu; hori da Aldundiaren lehentasun nagusia. Ongizatearen Plazaren bitartez, gai horien guztien inguruko elkarrizketa eta partaidetza sustatu nahi dugu", gaineratu du Mendozak.
Zortzi ekintza, hamaika gai
Guztira, herritar guztiei zuzendutako zortzi hitzordu izango dira aukeran Foruen plazan. Bertan, askotariko gaiak izango dituzte hizpide, hala nola zahartzaroa, hizkuntza, teknologia digitalen erabilera, elikadura osasuntsua eta nahi ez den bakardadea.
EGITARAUA
- 10:00-11:30 Osasuntsu zahartu
- 11:30-13:00 Autonomia eta prebentzioa zahartzaroan
- 17:00-18:00 Hizkuntza, nortasuna eta ongizatea. Deban nola bizi dugu euskara?
- 18:00-19:00 Pantailen aroan, erabilera osasuntsua
- 10:00-11:30 Elikadura jasangarria eta osasuntsua
- 11:30-13:00 Nahi ez den bakardadea
- 17:30-18:30 Barreterapia tailerra
- 18:30-19:30 Amaiera alaia eta txakolin dastaketa