Gipuzkoako Foru Aldundiak, tokiko hainbat eragilerekin eta Udalarekin elkarlanean, Ongizatearen Plaza ekimen ibiltaria ekarriko du Debara bihar eta etzi, ekainaren 25ean eta 26an, hurrenez hurren. Foruen plazan kokatuta egongo da eta goiz eta arratsaldez ekintza desberdinak egingo dituzte pertsonen ongizate osoaren inguruan hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko helburuz.
Guztira, herritar guztiei zuzendutako zortzi hitzordu izango dira aukeran Ongizatearen Plazan. Bertan, askotariko gaiak izango dituzte hizpide, hala nola zahartzaroa, hizkuntza, teknologia digitalen erabilera, elikadura osasuntsua eta nahi ez den bakardadea.
Ongizate integrala Gipuzkoako Foru Aldundiaren "lehentasun nagusia" dela gogorarazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Horregatik, pertsona ororen ongizatea "plazaren erdigunera" ekarri nahi den gaia dela azpimarratu du, "ertz asko dituen errealitatea delako, eta arazo pertsonal edo indibiduala badirudi ere, denoi eragiten digulako, eta, hortaz, ezinbestekoa da ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea". Horiek horrela, gonbita luzatu die herritarrei egitasmoaren baitan antolatutako hitzorduetan parte hartzeko: "Gune ireki eta berritzailea da, gogoeta eragin eta elkarrizketa sustatu nahi duena".
Hona hemen datozen bi egunotarako prestatu duten egitaraua:
EGITARAUA
- 10:00-11:30 Osasuntsu zahartu
- 11:30-13:00 Autonomia eta prebentzioa zahartzaroan
- 17:00-18:00 Hizkuntza, nortasuna eta ongizatea. Deban nola bizi dugu euskara?
- 18:00-19:00 Pantailen aroan, erabilera osasuntsua
- 10:00-11:30 Elikadura jasangarria eta osasuntsua
- 11:30-13:00 Nahi ez den bakardadea
- 17:30-18:30 Barreterapia tailerra
- 18:30-19:30 Amaiera alaia eta txakolin dastaketa