Azken bi egunotako joerari jarraituz, Debako Santiago hondartzan bandera gorria izan da gaur (uztailak 2) goizeko lehen orduetan. Hain zuzen ere, bainua debekatuta egon da astearteaz (ekainak 30) geroztik, uraren kalitate eskasagatik.
Orduak egin aurrera, ordea, egoerak hobera egin du. Azken neurketek uraren kalitatea berriro ere egokia dela egiaztatu ondoren, 12:30ak inguruan bandera gorria kendu eta bandera horia ezarri dute. Aldaketa horrekin, beraz, berriro ere bainatzeko aukera dago, nahiz eta arduraz jarduteko gomendioa indarrean mantentzen den.
Testuinguru horretan, Debako Udalak hondartzako uraren egoerari buruzko azken eguneratzea ere kaleratu du, azken laginen emaitzak positiboak izan direla berretsiz: "Uraren kalitatearen azken emaitzak onak izan dira. Beraz, hemendik aurrera hondartzako bandera itsasoaren egoeraren arabera jarriko da".
Aurreikusitako epean
Gogorarazi behar da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteartean ohartarazi zuela Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat hondartzatan ez zela komeni bainatzea. Izan ere, uraren kalitatea aztertzeko egin zituzten analisiek ez zituzten legezko kalitate-irizpideak betetzen, eta neurri zorrotz hori hartu behar izan zuten herritarren osasuna babesteko.
Debako Udalak orduan ohartarazi zuenez, gutxienez gaur arte, osteguna (uztailak 2), luzatuko zen bainua hartzeko debekua. Aurreikusitako epea bete-betean bete da, eguerdira arte mantendu baita itxiera.