Debako banda, Sune eta Xabi Solano, biharko kontzerturako prest

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 3a

Emanaldia zumardiko karpan izango da, 22:30ean, doako sarrerarekin.

Debako Musika Bandak udako kontzertu berezia egingo du bihar, uztailak 4, zumardian. 22:30ean hasita, 50 bat musikari ariko dira oholtzan; ohiko taldekideei Euskal Herriko musikagintzan sona handia duten bi gonbidatu batuko zaizkie, gainera: Josune Arakistain Sune eta Xabi Solano trikitilariak. 

Bandako kideen hitzetan, "kontzertu ahaztezina izango da, hasieratik amaierara dantzan eta abesten gozatzeko modukoa". Elkarlanaren eta hilabetetako lanaren emaitza izango da ikuskizuna eta herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbidapena: "Animatu eta etorri kontzertuaz gozatzera, ondo pasako dugu eta".

Prest dute biharko emanaldia eta ia prest dago kontzertua hartuko duen gunea bera ere; izan ere, aste honetan jarri dute karpa zumardian eta uneotan bertan gunea atontzen eta azken prestaketa lanetan dihardute lanean.